Euskonews Gaztea

118 zbk.

Gaiak

Ibilaldiak Euskal Herritik (I): Butroitik Barrikara

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Euskonews Gazteak ibilalditxo bat egitera gonbidatzen zaitu. Bizkairaino salto egin eta bertan, leku zoragarriak bisitatzera joango gara. Baina horrenbeste toki daude, horrenbeste txoko ezagutzeko modukoak! Oinez edo autoz, leku zoragarriekin topo egingo dugu.

  Butroe
Bisitari ugari jasotzen ditu Butroeko gazteluak.

Gatikatik Plentziarantz

Butroen emango diogu oraingoan hasiera gure irteerari; Gatikan dago kokatuta eta toki paregabea da gure goiz–pasa hasteko. Nork ez du ezagutzen bertako gaztelua, entzutez zein argazkiren baten bidez ez bada ere!

Muino batetan dagoen eraikina, sortzez XIII. mendekoa izan arren, garai hartan dorre arrunta zen soilik eta ez zeukan gaur eguneko itxura. XIV. mendean eta Butroeko V. jauntxoaren aginduz, gaztelu izatera pasa zen. Hala ere, XIX. mendean bilakaera berri bat jasan zuen eraberritze lanak burutu zituztenean. Xarma handiko tokia dela ohartuko gara; Erdi Aro kutsua dario eta lorategi ederrez inguratuta dago.

Handik, Plentziarantz norabidea hartuko dugu izen bereko Itsasadarretik; Butroe erreka moduan ere ezagutzen dute biztanleek eta herria alderik alde zeharkatzen du. Erromatar garaiko aztarnak aurkitu ditugu Plentzian bertan; hala ere, ez zen XIII. mendera arte hiribildu bilakatu.

Aberats garai batean –XVI. mendean hain zuzen–, bale–arrantza, ontzigintza eta merkataritza ziren garaiko ofizio nagusiak. Erdi aroko kaleetatik ibil gaitezke eta antzinako harresi aztarnak ere antzeman ditzakegu. Elizako Enparantzan, Santiago Atea ikusiko dugu, nahiz eta arkua izan, egun ate funtzioa betetzen du.

Barrika  
Barrikako altxorra: itsaslabarra.

Barrikako altxorra

Erreka gurutzatu eta Barrikara iritsiko gara. Txikia da eta historiagileen esanetan, Bizkaiko herririk zaharrenetarikoa dugu, V.mendean sortutakoa baita Sancho Belaren aginduz, 466. urtean. Berezitasun bat dauka, elizate izaera daukala.

Bizkaiko Golkoari so eginez, berdegune handia dauka inguruan. Nahiz eta herri–guneak intereseko eraikin gutxi izan, benetako altxor batekin egiten dugu topo: itsaslabarrak. Kontraste itzela sumatuko dugu, hots, goialdean aurretik aipaturiko berdeguneak daude, altuera handiko labarrak ondoren eta azpian hondartza. Ikuskizun paregabea herritik ihes egin eta horren gertu dagoen natura basatiarekin tupust egiteko.

Hamahiru bat kilometroko ibilbideaz gozatzera dei egiten dizuegu. Animatzen al zara gure bazterrek eskaintzen dizkiguten aberastasun ederrez jabetu eta hauei probetxu ateratzera?

Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu?
Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com