Euskonews Gaztea

109 zbk.

Paxkal Indo
Paxkal Indo
(Donibane Lohitzune, 1969)

Gaur egun Baigorrin –Nafarroa Beherea– bizi den arren, Donibane Lohitzunekoa –Lapurdi– da Paxkal. Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioko, Seaskako lehendakaria da 2008ko urtarriletik; hala ere, lau urte daramatza administrazio kontseiluan sartuta. Profesionalki, musika eta ikus entzunekoetan aditua da eta horretan dihardu lanean, ZTK diskoetxea zuzentzen baitu.

Elkarrizketa

Paxkal Indo. (Seaskako lehendakaria):
Agian Herri Urrats gure azpiegiturentzako diru-iturri bakarra izango da laster; txanpon bakoitzak balio digu!

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE
Argazkiak: SEASKAk utziak

Paxkalek Seaska ikastolen federazioarekin daukan erlazioa anitza da; elkarteko lehendakaria izateaz gain, urte berean –1969an– sortuak dira. Berrogei urte bete dituzte biek 2009. urtean eta maiatzaren 10ean Herri Urrats ospatuko dela eta, ez dugu galdu nahi izan zoriontzeko eta bide batez, elkartea pixka bat gertuagotik ezagutzeko parada.

Hasteko, zorionak Seaskari zuen 40. urteurrenagatik!

Milesker!

Dagoeneko hasiak zarete ospakizunekin, ezta?

Otsailean hasi ginen, gure beste anaiekin elkartuz; hots, estatu frantsesean diren hizkuntza gutxituen herrietako ordezkariei –bost gara guztira– ongietorria egin genien. Horrela ekin genituen ospakizunak.

  Paxkal Indo

Ekimen berezia ere eraman duzue aurrera, Seaskaren aurreneko urteak jasotzen dituen bideo bat aurkeztuz.

Apirilean egin dugu hori. Gaualdi berezi bat prestatu nahi genuen. Beti gure alboan egon direnei eskerrak ematea zen gure asmoetariko bat, eta gainera, ondorengo belaunaldiei erakutsi nahi genien ikastolak nola sortu ziren. Oso ongi dakigu guraso eta oro har, euskaltzaleen militantziaz eginiko lanetik sortu zirela ikastolak, mugimendu popular baten eraginez, hain zuzen. Hori da garrantzitsuena eta gaur egun orduko eredu bera jarraitzen da Iparraldeko ikastoletan.

Ni aita naiz eta badakit gu gabe haurrik ez litzatekeela egongo, baina haurrik gabe aitik ezin da izan eta belaunaldiz belaunaldi pasatu behar dugun lekukoa da Seaska. Azken batean gizakiaren interesa hori da eta beti ondorengo gizaldian pentsatzen bizi da, jakin baitaki bere bizitza momenturen batetan amaitu egingo dela. Belaunaldi bakoitzak ikastolaren historia bereganatu du, eta gauzak bere modura egin ditu, eta ostekoak bere erara egingo ditu. Eta hori erakutsi nahi izan dugu bideoaren bidez, oraindik bizi diren gure arbasoei eta Seaskaren hastapenetan aritu zirenei: beraien lekukoa hartu dugu eta etorkizunekoei pasatuko diegu.

Etorkizuna aipatu duzula, Iparraldeko lehenengo ikastolak bospasei ikasle zituen eta gaur 2.500 baino gehiago dira!

Geroari dagokionez, baikorra naiz zalantza gabe! Aipatu dituzun zifrek gogora ekartzen didate Eñaut Larraldek orain 30 urteko pelikula batean erraiten zuena, agian egunen batez mila haur ere izango zirela ikastolan... Gainditu egin dira aurreikuspenak eta oraindik ez gaude pozik!

Seaska

Hain zuzen, daukagun aurreneko arazoa, Iparraldean D ereduan gabiltzan bakarrak garela eta euskara geroz eta kinka larriagoan dagoela; guk ez badugu ezer egiten, inork ez du egingo. Azken finean 40 urteak ospatzeko arrazoiak badaude, noski, baina gure hizkuntzaren egoera ikusita, ez dakit soilik poztekoa den.

Beraz, errealista izan behar ezinbestean.

Hori da. Baikorrak bai, baina errealistak izan behar dugu, eta zifrak begiratzea besterik ez dago. Egun bakarrik %10a eskolatzen dugu euskaraz, eta lehengo zenbakiekin alderatuta, ez dago gaizki. Urtero %5a igotzen jarraitzen badugu, hori balioko diguna.

Lehenengo ikastola eta Seaska ia batera sortu ziren.

Hilabete gutxiko tartean jaio zen Seaska. Garaian irakasle bakarra zegoen –Libe Goñi– eta Argitxu Nobliaren etxean ziharduen, haren semeei eta beste batzuei eskolak ematen. Arrangoitzen ikastola ireki zenerako, Seaska hor zen. Ikastola guraso talde baten bultzadaz sortu zuten eta bai orduan eta baita orain ere, Seaskako sare guztia ikastola berrien laguntzaile izatera pasatzen da. Iparraldean guztiok eramaten dugu D ereduaren karga eta guraso zein ikastola orok hori egitea, Seaskaren filosofia emankorrean atxiki behar den zerbait da.

Bidea egiten topatutako oztopoak ez ziren gutxi izango...

Oztopoak izan dira, daude eta izanen dira. Lehenengoa, hizkuntza ez ofizial batetan erakasten dugula da; orain hilabete gutxi sartu dute Frantziako Konstituzioko atal batetan frantses ondarearen barnean direla eskualdeetako hizkuntzak. Ikastoletan orain arte, izanik ez zuen hizkuntza erakatsi dela adierazten du horrek. Bigarren arazoa, hizkuntza horiek izaterik ez badute, finean frantses populuak nolabait onartu nahi ez gaituelako eman da.

  Paxkal Indo

Hobekuntzak emango al dira etorkizunean konstituzioan jaso berri duten puntu horrekin?

Tresna berri batzuen asmatzeko lanabes berri bat dugu. Azkenean, irekidura txiki bat eman digute eta hor sartu eta lanean jarraitu behar dugu zalantzarik gabe!

Arazoak arazo, ospakizunerako unean maiatzaren 10arekin egiten dugu topo: Herri Urrats!

Bi arrazoirengatik ezin du jendeak Senpereko hitzordura huts egin. Alde batetik, festa ederra eta Iparraldea hobeto ezagutzeko aukera ezin hobea dela. Horrekin ez dut paisaia esan nahi, bertako jendeaz ari naiz. Iparraldean euskaldunekin topo egitea ez da horren erraza –Donibane Lohitzune edo Baiona moduko hiri handietan, bederen.

Bigarren arrazoia, denon beharra daukagula. Maiz pentsatzen dugu ni gabe ere egingo dute, baina aurten EAEn izan diren hauteskundeen emaitzak ikusita, badakigu jaso ditzakegun diru–laguntzak zalantzan daudela eta orain hamar urte bezala, Herri Urrats gure azpiegiturentzako diru–iturri bakarra izango dela. Beraz, txanpon bakoitzak balio digu.

Aurtengo Herri Urratsen xedea zein izango da?

Irailean Bidarte herrian ikastola berri bat irekiko dugu familia batek eskainitako lur eremu batetan eta hari laguntzeko izango da bildutako dirua. Horrelako mirakulu txiki batzuk geratzen dira; 1.500 metro karratu inguru utzi dizkigute musu–truk eta ekintza horrek esperantza pizten digu eta indarra eman. Amesten segitzen du jendeak.

Baduzue 2009rako beste proiekturik?

Asko! Bidarteko ikastolaz gain, Orzaizeko ikastola berritu behar da osoki eta baita Xalbador Kolegioa ere, zaharkituta baitago. Bestalde, Seaska moduan, haur elbarrituak integratzen jarraitu behar dugu, profesional arloa lantzen eta abar.