Euskonews Gaztea

106 zbk.

Gaiak

Sorgin garaia Euskal Herrian

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL

Antzinako sinesmen eta erritoak edota deabruarekin zerikusia zuten intzidenteez osatuta dago gure historiaren parte bat. Arrazoiak edozein izanda ere, mende latzak eman ziren Europan –eta baita Euskal Herrian ere– duela laurehun urte inguru. Inkisizio garaian, emakume eta gizonezko ugari sorginkeria praktikatzeaz akusatuak izan ziren eta mende beltzen aroari hasiera eman zitzaion. Herri gutxi libratu ziren egoera hura pairatzeaz eta herritar ugari sutan erreak izatera sententziatu zituzten.

Inkisizio epaitegia  
Inkisizio epaitegia, Francisco Goyaren ikuspuntutik.

Kristautasunaren aurretik, paganismoan oinarritzen zen gure gizartea. Beraien jainko–jainkosak zituzten, naturarekiko lotura handia zen eta maiz botikak sendabelarren bitartez eskuratzen ziren; herri sineskeria nagusi zen oro har. Elizaren ofizialtasuna eman zenean bizimodu hark zenbait herritarrengan biziraun zuen. Eta substantzia naturalak erabiliz burutzen ziren egintza “magikoak” ezkutuan eraman behar baziren ere, harrapatuz gero ondorioak ez ziren gogorrak izaten; sarri, isunak ipintzen zizkieten soilik. Aditu batzuek praktika honi magia zuria deitzen diote, eta belar–biltzaileen kasua izango litzateke.

Baina XIII eta XIV mendeetan zehar, elizak bira eman zion egoerari, eta ordura arte jarduera hauei nolabaiteko ezikusiarena egin bazieten ere, ordura arte aztikeria soila izan zena deabrukeriarekin lotzen hasi ziren. Gainera, esku hartzen zutenei sorgin izendapena eman zitzaien. Europan ematen ari zen egoerari aurre egin nahian, elizak Inkisizioa jarri zuen martxan 1229. urtean eta orduantxe hasi ziren hereje kontsideratuak epaitu eta sutan hiltzen. Halaxe, magia zuria izatetik beltzera igaro zen jarduera.

Nafarroan esaterako, 1238. urtean ezarri zen Inkisizioa; baina kasu honetan eta ezohiko moduz, epaitegi zibilen ardura izaten zen sententzia erabakitzea. Urteen poderioz gordinduz joan zen egoera, eta XIV eta XV. mendeetan zehar, sutan erretako pertsonen kopurua haziz joan zen. Nafarroa Beherean adibidez, praktika horren gaineko 1329ko datuak daude.

Aker-beltz  
Aker beltza da Marik hartzen duen forma nagusia.

Mari eta aker beltza

Elizarentzako Jainko bakarra zegoen eta kristauak ez zirenak beraien etsaiak ziren. Modu horretan uler daiteke paganismoaren eta sinismen guztien kontrako borroka, beste edozein jainkori jarraitzeak deabruaren segitzaile izatea esan nahi baitzuen.

Euskal Herriko kasuan, Mariren mitoarekin egiten dugu topo eta nolabait esateko, gainerako jainko paganoen gainetik egongo litzateke. Bere jarraitzaileak eguraldi txarretik babesten zituela esan ohi da. Kobazuloak zituen ohiko bizitoki, eta forma ezberdinak hartzeko gaitasuna ei zeukan: zaldia izan zitekeen, edo sugea, edota aker beltza. Eta azken hori izaten zen Damaren itxura komunena. Gainera, baserritar ugarik beraien animaliak gaixotasunetatik babesteko aker beltza hezten omen zuten.

Mariren segitzaileen bilkura tokiak leizeak izaten ziren; bertan burutzen zituzten festei Akelarre izena eman zitzaien eta debekatuta zeuden guztiz. Zugarramurdiko kobek sona handia eduki dute historian zehar eta gaur egun ere, jakin–minez beteriko bisitari ugari gerturatzen dira urtero. Joxe Miel de Barandiaran antropologoak sorginkeriaren gaineko ikerketa egin eta sorginek bertan aker beltza astelehen, asteazken eta ostiral gauetan goratzen zutela ondorioztatu zuen.

Mende latzetan, inkisizioa nagusi

Urteak joan, urteak etorri, sorginkeria kasuak egotzita euskal herritar ugari atzamarrez seinalatuak izan ziren. Askotan euskal kultura, ohitura eta hizkuntza nahikoa arrazoi izaten zen inkisidoreentzako sorginkeria zantzuak zeudela uste izateko. Bestalde, aurretik esan bezala, belar–biltzaile ugarik sortzen zituzten ukendu eta abarrak jendeari mina eragiteko zirela ere esaten zen eta zuzenean lotzen ziren jardun haiek deabruarekin.

Euskal Herrian menderik latzena XVII.a izan zela esan genezake. Pierre de Lancre magistratua 1609. urtean iritsi zen Lapurdira, eta ehunka lagun sutan erretzera zigortu zituen. Gainera, euskaldun eta emakumeen kontrako jarrera bortitza erakutsi zuen Lancrek. Bestalde, Juan Valle Alvarado inkisidoreak ere protagonismo handia hartu zuen. Izan ere, Zugarramurdiko akelarreetan parte hartzea leporatu zien hirurehun pertsona ingururi. Horietatik 70 eraman zituzten Logroñon burutzen ziren epaiketetara eta 12 hiltzera kondenatu zituzten, horietariko bost lehenago torturapean hil ziren arren.

Logroñoko prozesua

Garai hartan horrenbeste sorginkeria akusazio eman zirenez, 1610. urtean Logroñoko prozesuari hasiera eman zitzaion. Bertan, inkisizioak epaiketak burutzen zituen eta epaileen artean besteak beste, Alonso de Salazar y Frías izeneko inkisidorea zegoen. Honek ez zituen sinesten iristen zitzaizkien akusazio guztiak, gehienetan ez baitzen frogarik aurkezten.

Hori dela eta, 1611an landa lana egin zuen Salazar y Fríasek, bertatik bertara ezagutu nahi baitzituen gertakariak. Guztira 1802 lekuko itaundu zituen eta gehienek aurretik esandakoetan atzera egin zuten, aitorpenak torturapean edota obsesioa edukitzeagatik egin zituztela adieraziz.

  Amanita Muscaria
Amanita Muscaria moduko gaiak erabiltzen zituzten.

Azkenean, Logroñoko epaitegiak 1614ko abuztuaren 29an epaia eman zuen eta Salazar y Fríasi eman zitzaion arrazoia. Ondorioz, akusatuen deklarazioen atzean, oinaze gehiago ez jasateko nahia zegoela onartu zuten. Bide batez, sorginkeriari ikuspegi berri bat eman zitzaion eta ekintza “magikoen” atzean substantzia haluzinogenoen kontsumoa eta sexuarekiko neurrigabekeria zegoela esan zen, besteak beste. Gainera, akusatzaile eta akusatuen artean, familien arteko ezinikusi kasuak ohikoak izaten zirela eta mendeku grina nagusitzen zela ondorioztatu zuten.

Drogen erabilpena

Drogak antzinatik kontsumitu izan dira eta askotan mundu artifizialak sortzea izaten zuten helburu errealitatetik ihes egiteko. Gainera, kontuan hartzekoa da, goseari aurre egiteko modu bat ere bazela. Hala, uler daitezke sorgin deklaratu zirenen hainbat konfesio: poztasuna, euforia eta hegan egiten zutenaren sentsazioak, pertsonak animalia ezberdinetan bihurtzea...

Beldur eta sufrimenduz beteriko mendeek amaiera izan zuten azkenean eta mina dagoeneko egina zegoen arren, hor zehar esaten dutenez, inoiz ez dela berandu okerrak zuzentzeko. Sorginak izan ala ez, pertsonak ziren ororen gainetik, eta gure herri honetako parte bihurtu zaizkigu, zorionez edo zoritxarrez.