Euskonews Gaztea

100 zbk.














Hontz Zuria









Naturaren Ahotsa

Hontz Zuria

ADEVE ADEVE

Latinez:Tyto alba
Gaztelaniaz: Lechuza común
Ingelesez: Barn Owl
Frantsesez: L’effraie des clochers

Deskribapena
Harrapari gautar honek azpialdetik kolore zuri bereizgarria agertzen du. Bizkarraldea eta hegoen gainaldea urre-kolorekoak dira, grisez eta beltzek zipriztinduta. Bularrean, tonu eta orban ilunagoak edo marroiagoak aurkez ditzake. Aurpegiko disko deigarria marroi argia da, eta hau inguratzen duten luma labur eta arre horixkek bihotz-tankera ematen diote. Egitura berezi honek, harrapakinek sortutako soinuak entzunbidera zuzentzen ditu, eta entzumena askoz eraginkorrago bihurtzen du. Begi beltzak ditu.

Tamaina
Luzera: 35-39cm.
Hego-luzera.90-95 cm.
Pisua: 300-360 g.

Biologia
Espezie sedentario hau ganbara eta teilatuetan bizi denez, sortzen dituen zaratak zenbait izualdi ekarri ditu. Honen ondorioz bere inguruan istorio ugari asmatu da: adur txarreko txoria dela, elizatako oiloa lapurtzen duela… Ospe txar hori dela eta, oraindik ere, ale asko hiltzen da, nahiz eta nekazaritzarako lagungarria izan. Izan ere, saguz, arratoiz, lur-saguz, eta bestelako ornogabez, narrastiz, anfibioz, hegaztiz eta intsektu handiz elikatzen da. Hegazti honek, gaueroko ehizaren ondoren botatzen dituen egagropilak zabalduz, animalia hauen hezurrak erraz ikusiko ditugu. Teilatu-hegaletan, zuhaitzetako zuloetan edo bestelako hutsuneetan, bere egagropilen gainean, 4-7 arrautza erruten ditu. Arrautza-kopurua momentu horretan dagoen elikagai-eskuragarritasunaren araberakoa da. 32-34 egunetan zehar luzatzen den inkubazioaren ondoren txitak jaiotzen dira; hauek 60-64 egun emango dituzte habian, eta ondoren beste bi edo hiru aste gurasoengandik hurbil hegan egiten. Momentu horretan beraien lurraldearen bila abiatuko dira. Urte osoan zehar ugal daiteke, baina gehienetan, lehenengo txitaldia otsaila edo martxoa aldera izaten da, eta bigarrena udan.

Elikadura
Gure latitudeetan Hontz Zuriaren elikagai nagusia ugaztun txikiak izaten dira (harrapakinen 70-100), eta haien artean bereziki aipagarriak dira basa-saguak eta satitsuak. Gutxiago bada ere, kakalardoak, kilkerrak eta tamaina txikiko hegaztiak ere harrapatzen dituzte.

Habitata
Animalia hau, jatorriz, gehienbat haitzetakoa zen, eta harkaiztegi, labar eta kobazulo txikietan bizi zen; gaur egun, ordea, gizakiaren bizigiroak kolonizatu ditu, oro har. Izatez, gure lurraldean, hegazti eder hauetariko gehienek herrietako eraikuntzetan egiten du habia, direla bihitegiak, bertan behera utzitako etxe zaharkinak, hilerriak edo baselizetako kanpandorreak, eta batzuetan saguzarrak bizikide dituela. Alabaina, ez da arraroa harkaiztegietan eta harrobietan bizi diren hegaztiak aurkitzea.

NATURAREN AHOTSA aldizkaritik hartuta.

Gehiago irakurtzeko sakatu hemen.