Latinez: Squalius cephalus
Gaztelaniaz: Zaparda
Ingelesez: The Chub
Frantsesez: Le chevesne
Tamaina
Iparraldeko katxoa bezala ere ezaguna, zipridinoen familiako ibai arraina
da. Normalean 20 cm inguru izaten ditu baina badaude 40 cm eta 1,5 kg
dituztenak ere.
Deskribapena
Ezkata handiko igerilari sutsu honek kolore berde arreska du, apur bat
ilunagoa bizkarraldean, eta uzki eta sabel hegats gorrixkak ditu.
Biologia
Hiruzpalau urterekin heldutasun sexualera iristen dira eta udaberrian
arreske jartzen dira. Maiatza eta ekain inguruan ar eta emeek sakonera
gutxiko ur geldiak bilatzen dituzte. Bertan, emeek arrautzak ipini eta
arrek ernaldu egiten dituzte. Eme bakoitzak kolore hori argiko 20.000
eta 50.000 arrautza bitartean ipintzen ditu. Inkubazioak 10–12 egun
bitartean irauten du eta larbak, jaiotzean, 7 mm inguru izaten dute.
Arrain gazteak, multzoka batzen dira eta ur–sakonera erdian egiten dute
igeri; hazten doazen heinean, berriz, gero eta bakartiagoak bihurtzen
dira eta nahiago izaten dute bakarka ibaiaren sakonean igeri egitea.
Arrain honi bizitzeko ibaien erdialdea gustatzen zaio, bertan ur–korrontea
ez baita azkarregia.
Elikadura
Izugarri jatuna den espezie urri honen elikadura era askotakoa da: bizitzaren
lehenengo urratsetan, krustazeoen larbak, algak, intsektuak, arrain
arrautzak eta zizare txikiak jaten ditu. Helduaroan, berriz, harrapariagoa
bihurtzen da eta nahiago izaten du anfibioak eta arrainak jatea.
Habitata
Linneoren sailkapenaren arabera, iparraldeko katxoa, izatez, Europa
osoan zehar bizi den Leuciscus cephalus espeziearen subespeziea da.
Baina arrain hau Frantziako hegoaldean eta Penintsula Iberiarreko iparraldean
soilik aurki dezakegu. Euskal Herrian, berriz, Arabako hegoaldean eta
Ebro eta Bayas moduko ibaietan baino ez; gutxi batzuk oraindik Zadorran
bizi dira. Araban katxoa poliki–poliki desagertzen ari da, kutsadura
geroz eta handiagoa delako eta baita gizakien eraginarengatik ere. Orain
dela gutxi espezie honetako arrain ugari zegoela egiaztatzen duten agiriak
badaude. 50ko urteetan Bayas, Ebro eta Zadorra ibaietan ibiltzen ziren
pertsona batzuek azaldu digutenez, garai horretan ez zen batere arraroa
ibaiertz inguruetan beraiek “zaparda” izenez ezagutzen zuten espezie
honetako arrain multzoak ikustea.
NATURAREN AHOTSA aldizkaritik hartuta.
Gehiago irakurtzeko sakatu hemen.