Euskonews Gaztea

80 zbk.











Ekaitz txori txikia
Ekaitz txori txikia








Naturaren Ahotsa

Ekaitz txori txikia

ADEVE ADEVE

Latinez: Hydrobates pelagicus
Gaztelaniaz: El paíño europeo
Ingelesez: European Storm–petrel
Frantsesez: L’Océanite tempête

Ezaugarriak
Itsas hegazti txikia da, erabat beltz nabarra, ipurtxuntxur zuria eta hegal azpiko zerrenda zurixka izan ezik. Gabaien antzera egiten du hegan, hegada bizkorrak eta planeatzeak txandaka eginez. Elikatzen ari denean, badirudi uraren gainean ibiltzen dela, aldi berean hegaka indartsu eta alderrai dabilela. Burua bereziki biribildua du. Moko txiki eta beltzean, goialdean sudurzuloak nabarmentzen dira eta hortik ateratzen du elikatzen denean sartutako gatz-soberakina. Hegan ari denean, hankak ez dira isatsa baino luzeago ikusten, eta, horren bidez, bereizten da antzeko espezieengandik.

Tamaina
Luzera:15 cm.

Biologia
Itsas zabalean ematen du ia denbora osoa, plataforma kontinentalean; habiak egitera baino ez da hurbiltzen lehorrera, eta orduan, hormak, arrakalak eta labar-eremu harkaiztsuetako hutsarte txikiak eta uhartetxoak aukeratzen ditu, harrapakinentzako eskuragaitzak diren tokiak. Kolonietan bildu ohi da.
Zuzen egiten du hegan, eskuarki uraren arrasetik, eta hegazkada arinean. Igerilari trebea da. Arrautza bakarra izaten du errunaldi bakoitzean.
Kalkuluen arabera, ehun ugaltze-bikote inguru izango dira; populazioaren tamaina, berriz, 200 banakokoa baino zertxobait handiagoa da. Ikuskizun dago zer-nolako joera duten.
Ekaitz-txori txikien populazioen atzerakadaren arrazoitzat jotzen dira, besteak beste: elikadura-baliabideen urritasuna, horren ondorioz murriztu egin baita bikoteen kopurua; kaio eta arratoi harraparien erasan etengabea; edota, kutsatzaile kimiko eta hondakin toxikoen ondorio kaltegarriak.
Espezie honi dagokion atxikipen-maila handia da beste mehatxuetako bat, alegia koloniak leku jakin batean finkatzeko duten joera; horrek hedatzea galarazten die, eta halaber kolonia txikien galera dakar, gure lurraldekoari gertatzen zaionez.
Ozeano Atlantikoko (Islandia eta Norvegiatik Kanariak irletaraino) eta Mediterraneo itsasoko (Hydrobates pelagicus melitensis subespeziea hazten da) espezie habiagilea da. Ehunka aleko koloniatan habia egiten du uharte eta uhartetxotan.

Elikadura
Ur-azalean harrapatutako krustazeo, zefalopodo eta arraintxoez elikatzen da. Arrantza- ontziei ere jarraitu ohi die, uretara jaurtitzen dituzten arrain-hondakinen atzetik.

Habitata
Itsas zabalean bizi da; hasi Islandiatik eta Kanariar uharteetaraino hedatzen da. Euskal Herrian, bost kolonia ezagun daude, guztiak ere Bizkaiko kostaldean kokaturikoak. Espezie egoiliarra da.

NATURAREN AHOTSA aldizkaritik hartuta.

Gehiago irakurtzeko sakatu hemen.