Euskonews Gaztea

80 zbk.

Gaiak

Mukobiszidosia garai dezagun denok elgarrekin

Naia CARRERE, Eztitxu OILLARBURU eta Leire ATCHOARENA
Kanboko Xalbador Kolegioko ikasleak

“Itxaropen biradak” Frantzia osoan egiten diren egunak dira mukobiszidozia deitutako eritasunari aurka egiteko eta urtero, irailaren azken asteburuan egiten dira. Aurten, irailaren 28an, igandearekin iragan da egun hori eta honen lema, urtero bezala berdina izango da: “Gure arnasa eman, eskas dutenentzat”. Jardunaldi honen helburua da, jendearen hunkitzea eta dirua biltzea “Vaincre la Mucoviscidose” alegia “mukobiszidosia garaitu” elkartearentzat.

Bainan egun horiei buruz xehetasunak eman aitzin, eritasun hau zer den laburki esplikatuko dizuegu.

  Lekuine
Lekuineko itzulia.

Mukobiszidosia kutsakorra ez den eritasun genetiko bat da, birikak suntsitzen dituena eta hatsa hartzeko zailtasunak dituzte eriek. Jakinean izan gabe, bi milioi frantsesek mukobiszidosiaren genea badute eta haien haurrei transmititzen ahal diete. Bi gurasoek gene hau baldin badute eri den haur bat ukaiteko arrisku handiagoak dituzte, hala nola, haur bat lauren gain gaixorik da. Gaur egun, Frantzian, sei mila eri badira. Eguneroko bizia biziki zaila da haientzat, tratamendu pizuek haien egunaren bizpahiru ordu hartzen baitituzte, kinesiterapia, aerosolterapia eta erremedio aunitzekin.

Maleruski, ez da oraindik konponbiderik aurkitu eritasuna sendatzeko. Bainan, bizi iraupena luzatzeko aukera bakar bat bada: biriken transplantatzea.

Elise mukobiszidosiaz hunkitua den hamalau urteko neska gazte bat da eta hona erraiten duena : “Egunero biziki zaila da, eskolarat joan aintzin, goizeko sei eta erditan jaikitzen naizelako, 30 minutu kine eta beste hogei minutu aerosol egiteko. Bestalde oturuntza guztien aurretik erremedio aunitz hartu behar ditut eta eskolatik itzultzerakoan berriz 30 minutako kine saioa eta 20 minutako aerosol saioa badut. Hori egin behar dut urte osoan egun bat huts egin gabe. Horrez gain, biziki zaila da etorkizunean zer gertatuko den ez jakitea, ez delako oraindik ezer eritasun honen sendatzeko.”

Eritasuna esplikatu eta, itxaropen birada baten adibide bat hartuko dugu: Lekuinekoa. Lekuine Lapurdin kokatzen den herri ttipi bat da, Hazparnetik lau kilometrotara. Herri honetan, eritasun honetaz hunkitua den haur bat bizi da eta bere aitamek zuten herri hori hautatu, familia eta lagunen laguntzarekin, mukobiszidosiaren aurka borrokatzeko, eta ikerketarentzat dirua biltzeko. Lekuineko biradek helburu nagusi bat dute: mukobiszidosiaren kontrako ikerketaren finantzatzeko baliabide gehiago eman. Bainan, beste helburu nagusi bat du ere : mukobiszidosiaz hunkiturik diren eriei elkartasuna erakutsiz momentu polit baten pasatzeko parada ematen dizue. “Egin urrats, eman hats” lema duen biradaren aitabitxia Peio Dospital errugbilari ohia da.

Itxaropen biradak  
Itxaropen biradak.

Egun osoan aktibitate desberdinak antolatuak izan dira. Goizean oinez diren hiru ibilbide, ttipiena bost kilometrokoa, ertaina hamar kilometrokoa eta handiena hogei kilometrokoa. Bestalde, bizikletaz diren bi ibilbide badira, hamar kilometroko bat eta hogeita hamar kilometroko bat. Kasu, kaska baitezpadakoa da eta eskularroak kontseilatuak dira. Joan den urtean ehun ibiltarik ukan zuten parada Lekuineko bazterrak ezagutzeko.

Giro onaz gain, Lekuinen, egun honi esker manera ezberdinez dirua biltzen dute, hala nola kirolari famatuen kamiseten salmenta eginez. Bainan, ez duzue ahantzi behar zuen baitarik diru eskaintzak egiten ahal dituzuela eta plazer handiz onartuak izango dira. Joan den urtean biradak arrakasta handia ukan du eta 36.500€ lortu dituzte.

Bestalde ez dugu ahantzi ere 2007 urtea urte berezia izan dela. Grégory Lemarchal 4. Star Académy delakoaren irabazlea izan zen eta mukobiszidosiaz hunkitua zen. Eritasun berdina zutenek, gazte hura adibide bat zela haientzat, zioten. Maleruski urte hartan zendu zen 23 urterekin eta Frantzia biziki triste geratu zen horrelako kantari gazte bainan handi eta famatuaren galtzearekin.

Gertakari honen ondorioz, alimaleko diru zama bildu zen, hala nola, biradetan sei urtez lortutako diru kopuruaren araberakoa. Diru honekin eta Frantzia osoan egin biradekin, 5,4 milioi euro bildu ditu “Mukobiszidosia garaitu” elkarteak. Bere sortzearen ondotik, orotara, 67 milioi euro lortu ditu. Diru honi esker eta batez ere zuen laguntzari esker, erien bizi esperantza 7 urtetik 46 urtera pasa da.