Euskonews Gaztea

79 zbk.

Gaiak

Musika, pailazoak, dantzak... Kilometroetan!

EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA
  Ibilbidea
Ibilbidea ikusteko, sakatu argazkian.

Irurako Ikastolak antolatzen du aurten Kilometroak jaia eta urriaren aurreneko igandean ospatuko da. Hala ere, Iruraz gain, zirkuitu erdia Anoetatik igaroko da eta horrenbestez, guztira sei kilometro eta erdi izango ditu. Eta noski, oraingoan ere ibilbidea guneka banatuta aurkituko dugu.

Irurari dagokionez, bost gunetatik hiru bertan kokatuko dira: Ikastola, Katategi eta Irura herria. Anoetan egongo dira gainerakoak, ikastolan eta plazan. Ohi bezala, antolatzen duen ikastolan bertan emango zaio aurten ere hasiera festari eta hori horrela izanda, goizeko 9:30etan zirkuituaren irekiera egingo dute.

Hortik aurrera, makina bat ekintza haur, gazte, zein helduentzako. Gazteei bereziki zuzenduta Katategi gunea (edo bestela esanda, 2.gunea) egongo da.

Izan ere bertan kontzertuentzako eszenatokia paratuko dute. Baina zeintzuk izango dira talde gonbidatuak? Bada goizean hasita Zea Mays, Deabruak Teilatuetan, Obrint Pas, Trikizio eta Betagarri igoko dira taula gainera.

Egitaraua  
Egitaraua ikusteko, sakatu argazkia.

Baina noski, izango da besterik Kilometroetan. Esate baterako, euskal jokoetan parte hartzeko aukera edukiko dute Irura herria deitzen den 5. gunera gerturatzen direnek. Goizeko 10:30etan eta 14:00etan ESAITen eskutik olgetarako parada egongo da.

Etxeko gazteenentzako aukera polita 1.gunean egongo da egun guztian zehar. Pailazo, puzgarri, globo aerostatiko zein tailerrekin gozatuko dute goizetik arratsaldera arte bertaratzen direnek. Bitxikeria bezala, mago baten berri. Txan Magoa ezagunarekin batera JonMagic arituko da. Bera, Irura Ikastolako ikasle ohia da, eta txoritxo batek Euskonews Gazteari jakitera eman dionez, bere debuta izango da. Hemendik beraz, zorterik beroena!

Gustuko zerbait topatzeko zailtasunik ez dute izango Irurara gerturatzen direnek. Makina bat ekimen eta kolore anitzetako dibertsioak. Pasatu gabe ongi igarotzeko egun handia.

Animatu eta etorri Irurara urriaren 5ean!