Latinez: Grampus griseus
Gaztelaniaz: Delfín gris
Ingelesez: Risso’s Dolphin
Frantsesez: Dauphin de Risso
Ezaugarriak
Izurde grisa erraz identifikatzen da itsasoan, batez ere kide nagusienak.
Gris–urdin edo gris–zuri koloreko gorputza du. Sabelaren kolorea zurixka
da. Gorputzaren kolorea argitzen doa adinarekin. Helduek belugak bezain
zuria izan ahal dute gorputza. Baina aldaera anitz dago kide batzuetatik
besteetara. Baina ikusi izan dira izurde gris helduak izurde pilotuak
bezain ilunak.
Jaiotzean kolore uniformea du, baina, gaztaroan, beltz kolorekoa du
azala. Hala ere, urteak aurrera joan ahala, gris argi kolorekoa bilakatzen
zaie. Eskarda eta bularreko hegalek kolore iluna mantentzen dute beti.
Eskarda oso altua dute: 70 zentimetro neurtu ditzake eta ondorioz, orkekin
eta izurde pilotuekin nahastu daitezke. Bekoki erdiaren azpian izurdura
nabarmen bat du espezie honek. Bularreko hegalak luzeak eta igitai formakoak
dira.
Tamaina
Helduek 2,6–2,8 metroko luzera izaten dute eta 300–500 kilo pisatzen
dute.
Jaiotzean 1,3–1,7 metroko luzera edukitzen dute.
Biologia
3–50 kideko taldeetan igeri egiten du. Batzuetan, denbora baterako taldeak
sortzen dira; hau 150 kideek osatzen dute. Talde batzuk oso isilak dira,
baina beste batzuei ez zaie axola gizakia hurbiltzea.
Kide heldugabeek jauzi handiak egiten dituzte, adin handikoek ordea,
salto erdia egiten dute buruaren albo batekin uraren kontra eginez.
Batzuetan, azalera igotzen dira arnasa hartzeko asmotan, bular hegalak
erakutsiz.
Ez da ohikoa itsasontzien aurrean igeri egiten ikustea, beste izurde
batzuek egiten duten gisa. Orokorrean, igeri egiten duenean, minutu
pare batzuk ematen ditu murgilduta eta 12 aldiz hartzen du arnasa 15–20
segundotako tartean. Batzuetan, 30 minutu egon daiteke ur azpian. Hori
egitean, buztana atera egiten du murgiltzean, baleek gisa.
Ernalketari buruz gutxi dakigu. Hiru metroko luzera izan arte ez dute
heldutasun sexuala lortzen.
Elikadura
Arrainak eta txipiroiak jaten ditu.
Bizilekua
Kostaldetik urrun dauden ur sakoneko itsasoek osatzen dute zabalera
eremua. Baina, ikusi izan dira uharte ozeanikoetatik gertu eta plataforma
kontinentala estua den lekuetan. Irlandan eta Britainia Handian, behaketa
guztiak kostaldetik 11 kilometrora egiten dira eta AEBn, plataforma
kontinentaletik gertu.
Hedapena
Espezie honen zabalera eremua oso zabala da. Tropikoen ur sakonetan
eta ipar eta hego hemisferioko ur epel–beroetan egoten da. Batzuetan,
gune hotzetan agertu daitezke negu aldean.
NATURAREN AHOTSA aldizkaritik hartuta.
Gehiago irakurtzeko sakatu hemen.