Euskonews Gaztea

77 zbk.

Gaiak

Erreformatorioan izan, ala Izan erreformatorioan?

Vanessa BARRIGA eta Patricia VELASCO
Duranako Ikasbidea Ikastetxea (DIB 4.taldea)

Izan 18 urteko mutila da, eta bere bizitzako etapa bat, haurtzaroa hain zuzen, oso zaila izan da berarentzat. Erreformatorioan egon eta gero, bere bizitza aldatu egin da erabat. Esperientzia hori nola bizi izan duen eta nola egin dion aurre jakingo dugu bere hitzen bitartez.

Badakigu zure bizitza oso zaila izan dela. Hori jakinda, esaguzu, gainetik bada ere, nolakoa izan zen zure haurtzaroa.

Nire haurtzaroa oso gogorra izan da eta ez halakoxea izan behar zelako, baizik eta, neuk konplikatu nahi izan nuelako. Hamahiru urterekin oso bihurria izaten hasi nintzen eta hamabost urterekin erreformatoriora bidalia izan nintzen.

  Leihoa

Zer dela-eta izan zinen erreformatorioan? Nolakoa zen bertan zeneraman bizitza? Zenbat zineten bertan?

Baserri bat bezalakoa zen eta leihoetan burdinsareak zeuden. Hogeita lau orduz zelatatuta geunden.Halere, bete gabeko zigorrak nituen, baina gainezka egin zuena epaiketa batetara ez joatea izan zen, jakinaren gainean baldin banengoen ere.

Erreformatorio barruan bizitza oso gogorra zen, batez ere lehenengo egunetan. Hamar pertsona izaten ginen gutxi gorabehera, sasoiaren arabera eta orokorrean esan dezaket oso lagungarria izan zaidala bizitza beste modu batean ikusteko eta bizitzarekiko beste jarrera bat edukitzeko.

Kontatuko diguzu erreformatorioan bizitzako pasarte on eta txarrak?

Onen artean aipatu behar dut beste toki batzuetako jendea ezagutzen duzula. Hori dela-eta, esperientzia berri bat gehiago izan da niretzat eta horrekin ikasi egiten duzu zulotik ateratzen; edo kakatan hondoratzen zara bestela. Nire kasuan positiboa izan da esperientzia hori. Txarren artean, aldiz, borrokak beste ikaskideekin, gaiztakeriak (labankadak, lapurretak..), zentrotik ihes egitea tontakeria batengatik eta zu bilatzeko eta atxilotzeko egoeran egotea, besteak beste. Nolabait esateko: erreformatorioan denetik aurkitu ahal duzu.

Zeintzuk ziren zure pentsamenduak barruan zeundela? Zeren falta sumatzen zenuen?

Bertan izaniko pentsamenduak mota guztietakoak izan ziren: familiari buruzkoak, lagunei buruzkoak eta gehienetan libertateari buruzkoak. Garai hartan gaur egun tontakeriatzat ditudan gauzen falta sumatzen nuen: parke batera joatea eta futbolean jokatzea, nahi duzuna egitea azalpenik eman gabe edota denbora murriztua ez edukitzea.

Ba al zeneukan nolabaiteko pribilegiorik edota inork ba al zuen halakorik? Zigortua izanez gero, zein zigor mota ezartzen zizuten?

Nire kasuan sei hilabete egon nintzen pribilegiorik gabe, baina normalean hiru izaten dira. Zigorrak oso gogorrak izaten ziren egindako larritasunaren araberakoak. Niri hiru asteko epealdia ezarri zidaten tabakorik gabe, atera gabe eta egongelan egonda erreformatoriotik ihes egiteagatik.

  Parkea

Zentrotik atera zinenean zeren sentsazioa zeneukan? Zu ala mundua zen aldatu zena?

Dudarik gabe neu nintzen aldatua nintzena. Ez nintzen orduz geroztik pertsona berbera eta gauza bat egin baino lehen, horrek izan zitzakeen ondorioez pentsatzen nuen. Beti galdera hau planteatzen nion neure buruari: askatasunak ala tontakeriak egiteak, zerk balio du gehiago? Niretzat argi zegoen: askatasunak.

Eta hori guztia libre sentitzen nintzelako sumatzen nuen. Bederatzi hilabete pasatuak nituen erreformatorioan (Bilbon) eta azkeneko hirurak beste batean (Gasteizen); azken hori askoz hobea.

Nola daramazu bizitako esperientzia hori?

Gero eta hobeto daramat guztia eta oso esperientzia positibotzat daukat. Pertsona heldua bihurtu ninduen han egoteak eta erreformatorioa horrelakoa izan bazait eta dut pentsatu nahi ere nolakoa izango zaidan kartzela.

Seme bat edukiz gero, egingo zenioke aurre egoerari bere haurtzaroa zurea bezalakoa izango balitz?

Erantzuna zaila zait egiatan. Pentsatzen dut batera saiatuko nintzatekeela entzute handikoa eta zorrotza izaten,baina oso garbi daukat ez nukeela bera inoiz nire laguntzarik gabe utziko.

Zure bizitzako zein momentutan zaude? Hobera egin al du zure bizitzak?

Oraintxe bertan nire bizitzako momentu onenean nago, nire ustez dena baitaukat: bikotekidea daukat, oso fidela eta polita. Nik bera asko miresten dut. Horretaz gain, ez zait nire familiaren laguntza falta eta egunez egun hobeto sentitzen naiz pertsona on eta zintzoa izateagatik.

Nolakoa ikusten duzu zure bizitza hemendik aurrera? Zure ikuspuntutik nola datorkizu etorkizuna? Zein proiektu dauzkazu?

Nire etorkizunean familia bat osatzea gustatuko litzaidake. Nire proiektuak martxan dabiltza, nire autoa ere badaukat, baita lanpostu finkoa ere. Badaukat ere maite dudan jendea eta hemendik aitzinean inor ez molestatzea gustatuko litzaidake.