Latinez: Pipistrellus nathusii
Gaztelaniaz: Murciélago de Nathusius
Ingelesez: Nathusius’ Pipistrelle
Frantsesez: Pipistrellus nathusii
Deskribapena
Saguzar nanoaren oso antzekoa da; handiagoa izatea du bereizgarri harekiko.
Ilaje arrea ageri du bizkarraldean; eta sabelaldean gris–argia da, orban
ilun bat ageri duen arren, maiz sorbalden parean. Aurpegia, belarriak
eta albo–mintzak arreak ditu. Trago oboidea dauka.
Tamaina
Gorputza eta burua: 4,6–5,4 cm.
Buztana, 3,3–4 cm.
Pisua: 6–10 g.
Biologia
Gauetik egunsentira bitarteko jarduna dagokio. Bizkor egiten du hegan,
5–15 metro bitarteko altueran. Kolonia txikietan bizi da. Neguko kuartelak
nahiz udako erru–lekuak, zuhaitzetako hutsarteetan edo murru eta harkaitzetako
arrakaletan kokatzen ditu.
Apirilean eta maiatzean dagokio estalketa–garaia. Emeak kume biluzi
batez edo biz erditzen dira, 6–8 aste inguruko sabelaldiaren ostean;
kumeak hegan egiteko gai dira 21 egunetara.
Espezie migratzailea da. Abuztuaren eta irailaren amaiera aldera, Alemaniako
ipar–ekialdean bizi diren populazio guztiak hego–mendebalderantz migratzen
dute: Frantzia eta Suitza aldera; eta apirilean edo maiatzean itzultzen
dira udako gordelekuetara.
Saguzar guztiek egin ohi dutenez, Nathusius saguzarrak ere denbora asko
ematen du bere gorputza garbitzen. Eguneko atsedenaldiari ekindakoan,
kontu handiz orrazten du ilajea, hortzen eta atze–oin bateko azazkalen
bitartez.
Aho–komisuretan kokaturiko guruin berezi batzuei esker, likido koipetsu
bat jariatzen dute eta horrekin igurzten dituzte hego–mintzak; hala,
malguagoak izaten dituzte eta ez zaizkie nola hala lehortzen.
Elikadura
Intsektu hegalari txikiak (tximeletak, eltxoak, kakalardoak).
Habitata
Baso hosto erorkorrak eta mistoak. Espezie negutarra da Euskal Herrian,
esaterako Ibarra, Leioa eta Zornotza aldean ageri da.
NATURAREN AHOTSA aldizkaritik hartuta.
Gehiago irakurtzeko sakatu hemen.