Euskonews Gaztea

71 zbk.












Alfacara tximeleta








Naturaren Ahotsa

Alfacara tximeleta

ADEVE ADEVE

Latinez: Colias alfacariensis
Gaztelaniaz: Colias de Berger
Ingelesez: The Berger’s Clouded Yellow
Frantsesez: : Le Fluoré

Nola ezagutu?
Alfacara tximeletak dimorfismo sexual arina du. Arren kasuan, aurreko hegoen goiko aldea
limoi kolorekoa da eta disko osteko orban beltza du, baita zenbait tantotxo apikal ilun ere. Horiek hegoen zona marjinaletik hedatzen dira. Bestalde, arren kasuan beheko hegoen goiko aldeak disko–orban horia du. Batzuetan biribila da; beste batzuetan, berriz, zortziaren itxura du eta bestetan ertz marjinal ilun fina ageri zaio.
Emeak arrak baino handiagoak dira eta hegoen goiko aldea zuri berdexka da. Orban ilunak arren kasuan baino hedatuagoak daude. Hegoen beheko aldea, berriz, berdea da. Arrena, horixka.

Tamaina
Aurreko hegoek 19–25 milimetro bitartean neurtzen dituzte eta hego–luzera 38 eta 50 mm bitartean aldatzen da.

Biologia
Tximeleta honek bi belaunaldi ditu urtean. Lehenengo belaunaldiko helduak hegan ikus daitezke maiatza eta ekainean; bien bitartean, bigarrenekoek uztailetik irailera bitartean egiten dute. Emeak banan–banan jartzen ditu arrautzak landareetako hostoen gainean. Ondoren, beldarrak hosto horiek elikatzeko erabiliko ditu. Beldarrek puntu beltz txikiak dituzte. Negua lehenengo fasean igarotzen dute eta udaberria iritsi arte ez diote berriz ere elikatzeari ekingo. Orduan, krisalida eratzen dute elikadura–landareetako hostoetan eta zurtoinetan.

Elikadura
Beldarrek ferrak (Hippocrepis comosa) eta alamina (Coronilla minima) jaten dituzte.

Habitata
Espezie migratzailea da eta lursail ireki lehorretan, behe–mendiko zelaietan eta abariztietan
bizi da, behe–mailetatik 2.500 metroraino.

Banaketa
Europa hegoaldean eta erdialdean bizi da eta Errusiaren hegoalderaino eta Asia Txikiraino iristen da. Iberiar penintsulan oso zabalduta dago, nahiz eta populazioak oso ugariak ez izan. Euskal Herrian espezie arrunta da, bereziki Araban. Dena den, lurralde guztietan aurki daiteke.

NATURAREN AHOTSA aldizkaritik hartuta.

Gehiago irakurtzeko sakatu hemen.