Euskonews Gaztea

61 zbk.

Gaiak

Euskal piratak

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL
Liburua: Josemari Velez de Mendizabal

Nork ez du txikitan amets egin pirata izatearekin? Milaka abentura bizi izan ditugu filmak ikusiz eta liburuak irakurriz. Barkuak, itsasoa, abordatzeak, piraten kantuak... Erromantizismo kutsua izan dezakeela ezin uka daiteke.

  Kortsarioak erasoan
Kortsarioak erasoan.

Jakin badakigu batez ere praktika horiek XVI eta XVIII. mendeetan zehar eman zirela, baina gaur egun, itsaslapurrak egon badaude. Noski, modernoagoak dira. Azken albistea Somaliatik etorri zaigu, Bermeoko Plaia de Bakio izeneko itsasontzia bahitu baitzuten 2008ko apirilaren 20an. Eta horiek ez dute ezpatarik erabili, haiek bide modernoagoak erabiliz, granada–jaurtigailuekin mehatxatu dituzte itsasontziko tripulatzaileak.

Baina ondorengo lerroetan betiko piratak hartuko ditugu erreferentzia eta haiei buruzko xehetasun batzuk azalduko ditugu.

Pirata eta kortsarioak

Begiko partxea, loroa, rona eta ezpatak etortzen zaizkigu burura piratez hitz egiten dugunean, horiek baitira liburu eta pelikulek sarrien jasotzen dituzten deskribapenak. Denok dakigu zer ziren piratak: estatuen baimenik gabe itsasoan lapurtzen zuten pertsonak ziren. Normalean, nazioarteko urak izaten ziren haien ekimenen eszenatoki, inorenak ez ziren uretan aritzen baitziren. Itsasontzietako zama ostu eta sarritan bidaiariak esklabo hartzen zituzten.

Luis de Bayon  

Luis de Bayon pirataren eguneroko originala (XVII.mendea).

Liburu osoa ikusi (12MB)

Baziren ordea, estatu burujabe baten baimenarekin, hots, soldatapean aritzen zirenak ere. Horiei, kortsario deitzen zitzaien. Normalean, nazio edo estatu horren etsaiak zirenen aurka egiten zuten lapurreta. Maiz, pirata zein kortsario hitzak ez dira bereizten, xehetasun txikiek aldentzen baitituzte.

Munduko toki gehienetan aurki zitezkeen pirata edo kortsarioak eta indar gehien Kolon Amerikara iritsi zenetik XVIII. mendera arte izan zuten, gutxi gora behera. Eta pelikulek Karibeko itsaslapurrak erakutsi dizkiguten arren, euskaldunak ez ziren arrotzak lanbide horretan. Bai kanpoan eta baita etxean ere, beste itsasontzi batzuk erasotzen zituzten eta hala, jatekoa lortu.

XVIII. mendean itsaslapurretak eman ziren euskal kostan. Esaterako, 1658an, Hondarribia eta Donostiako armadore talde batek Holandako Esperanza deitutako merkantzia–ontzia eraso zuten. Bestalde, erreferentzia–datu batzuen arabera, Bizkaiko Golkoa kortsarioen ekintzen testigu izan zen 1672an. Orduan, Holandako Gerra deiturikoa bizi zen, eta Espainia eta Holanda bat eginik zeuden Frantziaren aurka.

Halaber, Baionan jaiotako Antoine Balanqué kortsarioak Liverpooleko Salle itsasontzia hartu zuen 1757ko ekainaren 18an. Ontziak azukre, tafia eta iltzea (espeziak) garraiatzen zituen. Hogeita lau kanoietako itsasontzi bat erabili zuen baionarrak eta berarekin 350 pertsona aritu ziren itsaslapurretan. Noski, saritu egin zuten Balanqué bere ekimen eta izandako garaipenengatik.

Makina bat erreferentzia aurki daitezke euskal pirata eta kortsarioen inguruan. Abentura bila itsasoratzen ziren, baimenarekin edo gabe, eta erresistentzia topatzen zuten kasu gehienetan. Abilezia, estrategia eta zortea aldeko izatea gerta zekiekeen onena zen. Arriskutsuak batzuentzat, beste askorentzat heroiak, askotarik sentimenduak eragiten zituzten itsaslapurrek. Dakiguna da, gure historiako zati bihurtu zirela asko.