
Gaztelaniaz: Mielga galludo
Ingelesez: The piked dogfish
Frantsesez: Aiguillat tacheté
Hedapena
Marrazo txikia, eskualidoen familiakoa,
euskal kostaldeko hondoetan bizi dena, 100-500 metro bitarteko sakoneratan.
Alabaina, batzuetan, dezente hurbiltzen da kostaldera, eta 20 metrotatik
hasita ere aurki daiteke.
Mielga pikartaren hedapen-eremuak Ozeano Atlantikoa hartzen du bere
baitan, hasi Norvegia hegoaldetik eta Mauritaniaraino, Azore, Madeira
eta Kanaria uharteak barne. Egiaztatu ahal izan denez, Hegoafrikako
mendebaldeko kostaldean ere ageri ohi da.
Tamaina
Emeak arrak baino handiagoak dira; 120
cm neur ditzakete. Arrak, aldiz, ez dira 80 cm-tik gorakoak izaten.
Nola antzeman
Gorputz fusiformea du bereizgarri, lerdena
oso. Arbel-gris kolorekoa du bizkarraldea, eta sabelaldea zurixka; halaber,
albo-lerro nabarmen-nabarmena du. Mielga pikart askok titatxo zuridun
ilara bi ageri ohi dituzte saihetsetan.
Biologia
Gaueko marrazoa da, eta obobibiparoa.
Mielga pikart emeek 18 edo 22 hilabetez hazi ohi dituzte kumeak (5 edo
7) beren sabeletan. Jaio berritan, 25 cm dituzte. Bizitza luzeko espeziea
da; 25 urte arte bizi daiteke.
Elikadura
Moluskuak, krustazeoak eta arrainak.
Euskal Kostaldean duen agerpen maila
Oso ugaria. Zenbait urtetan, iraila aldera, sarda handiak osatzen
dituzte mielga pikartek, eta kalte handiak eragiten dizkiote arrantzari,
jatun amorratuak baitira. Dirudienez, migrazioak abiadura biziagoan
egiten dituzte, eta distantzia handiak egiteko gai dira denbora laburrean.
Arriskugarritasuna
Ez da arriskutsua.
NATURAREN AHOTSA aldizkaritik hartuta.
Gehiago irakurtzeko sakatu hemen.