Donostian jaio zen musikari hau, 1955.urtean hain zuzen ere. Oso konpositore ezaguna da gipuzkoarra, eta ez bakarrik Euskal Herri mailan, baita munduan ere.
![]() |
|
Argazkia: Alberto Iglesiasen webgunetik. |
Donostiako Kontserbatorioan musika ikasi zuen: piano, armonia eta kontrapuntua. Baina gainera, konposizioko eta musika elektronikoko eskolak ere hartu ditu, Parisen eta Bartzelonan, hurrenez hurren.
Batez ere zinemarako egin dituen soinu bandengatik da ezaguna Alberto. Hasi zenetik – 80ko hamarkada– hogeita hamar lan baino gehiago konposatu ditu. Lehenengoa, Julio Medemen Vacas filmerako idatzi zuen. Lan horrexegatik Goya sarietarako lehen izendapena eskuratu zuen. Ondoren etorri ziren beste zuzendari batzuekin eginiko lanak. Besteak beste, Pedro Almodovar (Todo Sobre mi Madre, Carne Trémula, Hable con ella eta La Mala Educación), Iciar Bollaín (Te doy mis ojos), John Malkovich (Pasos de Baile) edota Oliver Stone (Comandante) zuzendariekin aritu da.
Baina Fernando Meirelles brasildarraren The constant gardener (El jardinero fiel) filmari esker Oscar sarietarako izendapena lortu zuen 2005.urtean.
Bere ibilbide oparoa behin baino gehiagotan aintzatetsi dio kritikak. Esate baterako, Pedro Almodovarrek zuzendutako Volver film arrakastatsuarentzako konposatu zuen musikari esker, 2006an film hartako musika saria jaso zuen EFA 2006an (Europako film sariak). Gainera, lan berdinagatik Goyaren irudia etxera eraman zuen.
Bestalde, Espainiako Kultura Ministerioak Zinematografia Sari Nazionala eman zion 2007an. Hortaz gainera, urte berdinean, Marc Foster zuzendariaren The Kite Runner pelikularako eginiko musikarengatik Satellite Award 2007 eman zioten, eta AEBn ematen diren Urrezko Globoetarako izendapena iritsi zitzaion, baina 2008ko urtarrilaren 13an egindako sari banaketan ez zuen garaile izatea lortu.
Musika bikaina egiten dakiela erakutsi du donostiarrak, eta orain arte
bezala, musika sortuz gu guztiok hunkitzen jarraituko du Alberto Iglesiasek.