Oihane Perea
(Gasteiztarra)
Hamabi urterekin ekin zion gasteiztar honek bertsotan aritzeri; izan ere,
Gasteizko bertso–eskolan eman zuen izena. Magisteritza ikasi du eta bertsolaritzako
irakaslea da. Askotan izan da Arabako Bertsolari Txapelketako txapeldunordea,
baina 2007. urtean jantzi zuen txapela azkenik.
Hemen Oihane Perea dugu, hogeita sei urteko bertsolari gasteiztarra. Hamazazpi urte daramatza kantu kantari eta bertsolaritzaren mundu honetan buruz buru sartua. Bertsolari eta irakasle bikaina izateaz aparte, Oihane urte eta erdiko Unai deituriko umearen ama da. Bere bizitzako beste fase batean, lumak jantzi eta beste bi neska panpoxekin bertso kabaretera bihurtzen da. Horretaz aparte aurten Arabako bertso txapelketan bere buruan eraman du hain merezia zuen txapela.
Bertsolaria izateaz gain, beste lanbiderik ba al duzu?
Bertsolaritzatik oso jende gutxi bizi da. Ni bertso-irakaslea naiz. Amurrion, Legution, Araian, Agurainen, Dulantzin, Kanpezun eta Gasteizen ematen ditut klaseak hezkuntza arautuan eta bertso-eskoletan.
![]() |
|
| Emeak deitzen den bertso-kabareta. |
Urte eta erdiko umea baduzu. Bertsolariak askotan plazaz plaza ibili behar zarete asteburuetan. Nola lortzen duzu amatasuna eta zure lana bateragarri bihurtzea?
Beno, zailagoa da tabernaria eta ama izatea, ezta? Aita hor dago, aiton- amonak ere laguntzeko prest.... Bestetik, bertso saioek gutxi irauten dute. Nire ustez gauza oso bateragarriak dira. Gainera, umeak zoriontsu izateko gurasoak zoriontsu izan behar dira, oreka bilatuz.
Dakigunez 17 urte daramatzazu bertsolaritzan. Zer dela eta hasi zinen mundu horretan?
Kasualitatez. Institutu garaian irakasle bertsozale bat tokatu zitzaigun eta esaten zidan ondo idazten nuela, baina alferregia nintzela bertsotan saiatzeko. Gurasoek ere lagundu zidaten: euskaldun berriak dira baina oso euskaltzaleak. Horretaz gain, bertsoen munduak liluratu ninduen bertan kultura eta hizkuntza bizitzeko beste modu bat ikusi bainuen: parte hartzaileagoa, biziagoa...
Nork irakatsi zizun zure lehenengo bertsoak egiten?
Serapio Lopezek Arantzabela ikastolan oinarria eman zidan. Hasierako urteetan Abel Enbeita eta Zigor Enbeita ere beste irakasle batzuk izan ziren. Baina 16 urte dauzkadanetik neure buruari irakasten diot eta baita beste buru batzuei ere...kar, kar, kar
Zer da zuretzako bertso perfektua?
Ideia original batekin jendearengana iristea, eta gainera, teknika akatsik gabekoa izatea.
![]() |
|
Argazkia: Ekain Velez de Mendizabal. |
Gaur egun bertsolari trebatua zara. Uste duzu zerbait duzula ikasteko ala dagoeneko dena ikasita duzu?
Inoiz ez da dena jakiten eta inoiz ez da dena ikasten bukatzen. Bertsolariek lortu behar duguna da bertsoa gure nortasunetik janztea, bestela, bertsolari guztiak izango ginateke berdinak eta hori triste samarra da.
Pertsona irekia eta burutsua zara. Esan dezakegu zure izaerak lagundu dizula aurrera jotzen?
Bai, batez ere lotsagabea izateak. Nik uste dut bertsolari izateak laguntzen didala jende aurrean naizen bezalakoa agertzen. Elkarri laguntzen diogu.
Zer ezaugarri izan behar ditu bertsolari on batek?
Jendea hunkitzen jakin behar du, eta bere nortasun propioa izan behar du oholtza gainean. Sortzailetzat izan behar du bere burua, irekita egon aldaketei, ez du etxean gelditu behar nork deituko ote dion zain. Eta noski, bertsoak egiten disfrutatu behar du.
Zure ustez edozein pertsona izan daiteke bertsolaria?
Bai, eta badaude funtzio sozial desberdinak betetzen dituzten bertsolariak. Nire ustez futbolaria izatea bezalakoa da: lehenengo mailan jokatzea ez da erraza, baina hori ez da aukera bakarra eta aukera anitz badaude jokatzeko, mahai-futboletik hasita goi mailaraino.
Ibilitako bidean zehar sari edo lehiaketa ugari irabazi dituzu? Zein izan da zuretzat inportanteena edo gehien gogoratzen duzuna?
Irabazi, irabazi behar bada ez, bigarren sariak hartu ditut, idatzizko txapelaren bat...gaztetan lehiaketa askotan parte hartu dut, baina gehien markatu nauena Arabako txapelketa izan da.
Urte askotan bertsolari askoren ondoan jarduteko aukera izan duzu. Zein da zure bertsolaririk kuttunena?
Unai Iturriaga, Sebastian Lizaso, Andoni Egaña, Igor Elorza eta Iñaki Viñaspre.
Noren ondoan sentitzen zara erosoen?
Momentu honetan Iratxe Ibarra eta Onintza Enbeitarekin. Bertso-kabaretean sartu ginen duela urte eta erdi eta edozein txapelketak baino gehiago markatu nau.
Norentzat izango litzateke bertsorik kritikoena?
PNVrentzat. Momentu honetan eta historian zehar jokatu duen paperak herri honi min handia egin diolako eta ezin dudalako faltsukeriarik jasan.
Kantatzeko orduan, badaukazu gai edo ariketa kuttunik?
Egunaren arabera, baina ofiziotan kantatzea gustatzen zait. Bakarka egitea ere, egun ona daukadanean eta azkenaldian gai libreak duen enkantuaz jabetu naiz.
Oraindik ikusten al dituzu desberdintasunak gizon eta emakumeen artean?
Bai, baina ez bertsolarien mailagatik, gure barruko arazo bat dela uste dut; gaur egun ere gizonena zen mundu batean gaude. Hurrengo urteetan gure erronka hori aldatzea izango dela uste dut.

Zure ustez, azken urteotan bertsolaritza zabaldu egin da hiritarren artean?
Bai, hiri mailan arrakasta izaten ari da. Txapelketa nagusiak bultzada handia ematen dio, baina gaur egun erdal mundura zabaldu da.
Hemendik aurrera, zein izango da zure helburua?
Orain bi urte hartutako bidetik jarraitzea, Arabako txapelketa irabaztea edo behintzat arrastoa uztea, Arabatik kanpo nire aportazioa egitea eta ikasten jarraitzea,beti.
Arabako bertso txapelketaren txapela zure buruan ikusten duzu?
Desio dut. Uste dut gauza oso zaila eta subjektiboa dela bertsoak epaitzea, baina inoiz baino bertsolariago sentitzen naiz eta motxila beteta daramat finalera. Hala ere, bertsolariak konturatu behar gara bertso txapelketen ondoren bizia dagoela, dena ez dela hortxe amaitzen.
Eta zure buruan ez bada, noren buruan ikustea gustatuko litzaizuke?
Iñaki Viñaspreren buruan. Uste dut Arabako bertsolaritzaren eta arabarren ordezkari ona izango zela: kalekumea, Abetxukokoa, euskara ikastolan ikasia, guraso erdaldunen semea eta burua landu duena.
Zein ikusten duzu Andoni Egañaren tokian?Emakumeren bat agian?
Oso posible da Maialen Lujanbio izatea, baina ez Andoni Egañaren tokian, baizik eta Euskal Herriko txapelarekin. Egañaren tokian Egaña bakarrik ikusten dut. Ekarpen handia egin dio azken 15 urte hauetan bertsolaritzari.
Zerbait gelditzen da bertsolaritzan aritzeko?
Diziplina artistiko guztiak prest egon behar dira aldatzeko.
Neuk uste dut bertsoa dela gure barruko adierazpidea, eta pertsona bakoitzak
aurkitu behar duela bertsoetan egiteko bere modua. Emakumeen aldetik etorri
da berrikuntza handiena. Hala espero dut.