Euskonews Gaztea

43 zbk.

Esther Rojo
Esther Rojo
(Barakaldo)


Hamar urte dira Esther tatuatze lanetan hasi zenetik. Arrasaten zenbait lan egin dituen arren, azkar irekin zuen Barakaldon bere estudioa eta ordutik ez da geratu. Hala ere, Amerikako Estatu Batuetara joaten denean lagunen estudioetan ere egiten du lan, hala nola, New York eta Kalifornian.

Elkarrizketa

Esther Rojo. (Tatuaje egilea):
Tatuajea ez da fraka pare bat bezala, nekatu eta armairuan utzi dezakezula; zalantza izanda, itxaron

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Hogeita hamaika urteko gaztea honi betidanik erakarri du tatuaje munduak. Etxean ikusiak ditu, bere aitonak bazituen eta. Barakaldoko Clockwork Tattoo ireki zuen eta bertan dihardu senarrarekin batera. Besteen gorputzak marrazteaz gain berean ere baditu hainbat, gehienak koloretan. Berarekin hitz egin dugu orain gutxira arte gizonezkoen mundua zirudienean lanean dabilen bizkaitarrarekin.

Noiztik daramazu tatuajeak egiten?

Orain bederatzi edo hamar urte hasi nintzen. Lan honetan ziharduen lagun bat neukan, baina egia da familian ere ikusi ditudala tatuajeak (aitonak bazeuzkan) eta deigarria iruditu zait beti.

Zerbait ikasi al zenuen lan hau egiteko?

Beti ibili izan naiz marrazketa akademietan eta horietan asko ikasi nuen. Baina lehen aipatutako laguna ikasten ari zenean lagundu egiten nion, eta nik ere entzuten nituen ematen zizkioten azalpenak. Pixkanaka hasi nintzen.

  Argazkia

Non egin duzu lan?

Denboratxo batez Arrasaten egon nintzen eta ondoren, nire estudioa zabaldu nuen Barakaldon. Bestalde, bidaiatzen dudanean lagunen estudioetan ere aritzen naiz: Nueva York eta Kalifornian, esaterako.

Nabaritu al duzu desberdintasunik atzerrian tatuatzerakoan?

Oso desberdina da, bai tatuatzeko moduei eta baita bezeroarekin daukazun harremanei dagokienez. Han, tatuatzeko pertsona konkretu baten bila joaten dira estilo konkretu bat egin nahi dutelako.

Eta zer eskatzen dizute zuri?

Koloretako lanak batez ere, New School eta. Tatuaje mota honek kolore biziak erabiltzen ditu eta irudiak arreta pizten du daukan bizitasuna dela medio; graffitien antzerakoa dela esan daiteke.

Lanbide honetatik zer da gehien gustatzen zaizuna?

Beti motibatzen naiz gehiago niregana datorren pertsonak nik neuk sortutako irudi bat tatuatu nahi duela esatean, benetan atsegin dudan zerbait egiten baitut.

Emakumeak eta gizonezkoak. Zeintzuk tatuatzen dira gehien?

Antzera esango nuke, baina akaso emakumeak zertxobait gehiago tatuatzen dira gaur egun. Eta agian ni emakumea naizelako gehiago etortzen dira hona.

Gauza bitxiak ikus ditzakegu kaletik. Zer da eskatu dizuten gauzarik arraroena?

Orain gutxi, hirurogeiren bat urte zituen gizonezko bat etorri zen dendara. Eskuetan pigmentazio falta zuen eta hori konpondu nahian-edo, eskuak tatuatzeko eskatu zidan. Tribal batzuk egin nizkion... eta egia esan, lehen baino gehiago deitzen zuen arreta!

Koloretan edo zuri-beltzean. Nola nahiago duzu lan egin?

Sasoiaren arabera bat edo bestea nahiago izaten dut. Koloretan lan asko eskatzen didatenean momentu bat iristen da non itzala erabiliz egindako lanak faltan botatzen ditudan. Bestalde, irudiaren arabera ere izaten da, batzuetan kolorea ez da oso ondo geratzen tatuaje batean, eta alderantziz.

Bestalde, badaukazu oraindik egin ez, baina burutu nahiko zenukeen tatuajerik?

Ez dut orain arte horretan pentsatu! Egia esan, zerbait tatuatzeko gogo bizia badut, nori gustatuko litzaiokeen pentsatu, berarengana jo eta aipatu egiten diot nire asmoa... eta normalean uzten didate! (barre). Beti lortzen dut nahi dudana!

Eta zer da tatuatzeko errazena?

Jendeak pentsatzen du tribalak direla errazen marrazten direnak, baina marrak harmonikoak irtetea, puntak behar bezala geratzea... Bere lana dauka, nahiz eta amaierako prozesua beltzez betetzea izan. Izan ere, beste marrazki konplexuago bat eginda, nahiz eta bukaerak perfektu ez irten, normalean ez da nabaritzen eta itxuroso geratzen da.

Zu ere margotuta zaude. Noiz tatuatu zinen aurrenekoz?

Hamasei urterekin egin nuen lehenengo tatuajea; tribal bat izan zen, gerrialdean. Orain bi besoak osorik, bularra, bizkarraldea, lepoa...

Horrenbeste izanda, ba al duzu kutunik?

Normalean egiten dudan azkena dut gustukoen, nobedadea delako izango da. Gutxien... lehenengoa.

Zein da tatuatzen pasatu duzun denbora luzeena?

Gehien zortzi ordu eman ditut jarraian. Geisha bat tatuatu nion pertsona bati, hankan. Normalean ez dugu horrenbesteko denbora egiten, saio desberdinetan bukatzen ditut lanak, baina ezin zuenez...

Eta zein duzu tatuatzeko tokirik gogokoena?

Erosotasunagatik, besoak eta bizkarreko goialdea esango nituzke. Beste toki batzuk direnean, sarritan bezeroak bihurrikariak dirudite....

Orratza erabilita, mareatu al zaizu inoiz norbait?

Bai, baina nerbioengatik mareatu izan dira, eta ez egiten duen minarengatik. Mina erlatiboa da, pertsonaren araberakoa.

Horrelako estudio bat irekitzeko, zer behar da?

Lizentzia berezi bat eman behar dizute. Gero osasun-ikuskaritza egiten dute dena ongi dagoela ziurtatzeko. Erdiraino alikatatuta... Gainera, higienea mantendu ezean bezeroarekin kontaktuan egonda kutsatzeko arriskua dut nik ere... Beharrezkoa da.

Tatuaje konbentzioak egiten dira. Joan al zara inoiz?

Bai, baina nahiago izaten dut bisitari bezala joan eta ez artista gisa. Bestela ez da norberarentzako astirik edukitzen ia eta modu horretan mintegietara joan naiteke, edo beste tatuaje egileekin hitz egin...

Tatuatzeaz gain, zeintzuk dira zure zaletasunak?

Sofan telebista ikustea eta beldurrezko eta fantasiazko filmak ditut gogoko. Gainera, Disneyko marrazki klasikoak ere atsegin ditut. Lehendik ere gustatzen zitzaizkidan eta orain semearekin ikusteko aprobetxatzen dut.

Dendan musika ere entzun dezakegu. Zein talde gustatzen zaizu?

Egia esan denetarik atsegin dut. Bakalaoa ezik, beste guztia entzun dezaket. Gitarra, bateria eta baxua dituzten taldeak.

Zer esango zenioke tatuaje bat aurrenekoz egin nahi duen bati?

Ondo pentsatu dezala benetan egin nahi duen ala ez, eta zer. Izan ere betirako den zerbait da. Oso ziur egon behar da, ez da fraka pare bat bezala, nekatu eta armairuan utzi dezakezula. Zalantza izanda, itxaroteko. Eta behin erabakita, konfiantzazko toki batera joateko.