Ruth Guimerà
(Bilbo, 1980–8-08)
Abizen katalana duen arren, bilbotarra dugu Ruth. Gaur egun desagertuta
dagoen Basauriko Antzerki Eskolan ikasi zuen lehenengo, eta New Yorkeko
John Strasberg Studiosen osatu ditu ikasketak. Egun Euskal Herrian dago, baina AEBra itzultzeko asmoarekin.
Bilbotarra, gaztea eta antzezlea. Ruth Guimerà Bilbon sortu zen 1980ko abuztuaren 8an eta bertan hazi ondoren, New Yorken osatu da antzezle bezala. Gaur egun Ipuin Iberiarrak antzezlana taularatzen dihardu, bi hizkuntzatan gainera.
Zer izan nahi zenuen txikitan?
Musikak beti erakarri nau, eta horregatik hasi nintzen musika eskolan ikasten gaztaroan. Eta agian horregatik, orkestra zuzendaria izan nahi nuen. Beti atsegin izan dut eszenatokia.
Gainera, dantzaria ere izan zara.
Hala da. Hamabi urte bete nituenean, liburu bat irakurri nuen eta protagonista dantzaria zen; eta modu horretan hasi nintzen dantzan. Gainera, gorputzari entzuten espresatzeko beste era bat aurkitu nuen. Profesionalki dantzatu dut Euskal Herri mailan.
![]() |
|
| New Yorken, Bettie Basque saioan. Argazkia: Charlie Lonegan. |
Baina berriz ere aldatu zenuen iritziz...
Bai. Hamasei urterekin konturatu nintzen zerbait gehiago egiteko nahia neukala. Lagun batzuekin pelikulak egiten hasi eta horren gustura sentitzen nintzen, institutua erdi utzi egin nuela. Hau da, azken ikasturtean Basauriko Antzerki Eskolan eman nuen izena. Pixkanaka-pixkanaka interpretazio mundurantz bideratu zen guztia. Hala ere, ez dakit datorren urtean zertan arituko naizen... (barre)
Dantzak lagundu al dizu zerbaitetan?
Bai noski! Oso aberasgarria izan zen, gorputz espresioari dagokionez, esaterako. Gainera, dantzarekin diziplina izugarria eskuratzen da, gauzak seriotasun gehiagoz hartzen ikasten duzu, jakin baitakizu lanik egin ezean gauzak ez direla ateratzen.
Zure ikasketak Amerikako Estatu Batuetan osatu dituzu.
Hala da. Eskola bukatu aurretik Euskaldunan ospatutako Opera Denboraldian lanean aritu nintzen. Han egon ostean, nire bizitzan gehiago egin nahi nuela ohartu nintzen, ez nengoen oso pozik. Gehiago ikasi nahi nuen eta gainera hemengo proiektuekin ere ez nengoen konforme. Eskaintzeko neukana emateko biderik ez nuela pentsatzen nuen. Beka bat eskatu, eskuratu eta New York aldera joan nintzen. John Strasbergek (aktore, produktore, zuzendari, idazle...) elkarrizketa bat egin zidan telefonoz eta onartu egin ninduen bere klasean.
Bat-batean egin zenuen hautu hori?
Ez. Ameriketara bidaiatu aurretik lagun batekin Maroko aldera joan nintzen motxila soinean hartuta. Garai hartarako El Alquimista liburua irakurria neukan. Protagonistak basamortura joan behar du bere burua aurkitzeko, eta ideia erromantiko horrek bultzatu ninduen berdina egitera. Hilabeteak pasatu nituen ideiari bueltak ematen, eta azkenean urrats hori eman eta Atlantikoa zeharkatu nuen.
Eta nolakoa da Strasbergen eskola?
Ezin daiteke eskola denik esan, gehiago baita estudio pribatu bat. Berak aukeratzen ditu ikasleak eta urtean lau ikastaro ematen ditu. Gehienez jota hamabiko taldea osatzen du. Ikasteko ere hobe da horrela. Bere aitak hasitako antzezpen-korrontea jarraitzen du.
![]() |
|
Argazkia: Charlie Lonegan. |
Esperientzia horrek asebete zintuen?
Euskal Herritik irteteko hartu nuen erabakia zaila izan zen; momentuan neukan bakarra nire jakin-mina zen. Ez nekienez zer aurkituko nuen bertan, ez neukan aurreproiekturik. Eta mundu berri batekin egin nuen topo.
Eta zer moduz hizkuntzarekin?
Hori beste kontu bat izan zen. Nik ikastetxean ikasitako ingelesa nekien bakarrik, irakurri bai, baina ulertzeko... Hastapen nekagarriak izan ziren. Gainera, horrenbeste kanpotar dago New Yorken bertan, inork ez dizula laguntzen.
Eduki al duzu han lan egiteko aukerarik?
Bai, proiektu txikietan ibiltzeko aukera izan dut. Gainera, Off–Broadwayko (Broadway alternatiboa) antzoki batean nabil aktore bezala. Baina ofizialki lan egiteko aukerarik ez dut izan, ez baitut lan egiteko bisaturik, turista gisa egon naiz bi urtez... Pena eman dit, egia esan.
Hemendik ikusita erakargarritasun berezia du Broadwayek...
Lehenengo aldiz ikusten duzunean zirrara handia sortzen dizun tokia da. Columbus Circletik jaisten zarenean, Central Parkeko hasieran, Broadwayera sartzean demasa da.
Bestalde, zer nabarmenduko zenuke hiri hartatik?
Inork ez dizula begiratzen. Oso zaila da han bizitzea, diruaren inguruan zentratzen baita guztia, eta bakoitzak bere arazoak ditu. Hala ere, askotan bakardade handia sentitu arren, zu zeu izateko aukera ematen du. Adibidez, oso atsekabetuta zauden egun batean kaletik oihuka joan zaitezke, inork ez dizulako begiratuko; zure ondokoa, kalean botata egongo da zikin eta edaten, eta hari ere kasurik ez.
![]() |
|
Bilboko Plaza Berrian. Argazkia:
Fede Merino. |
Han egiten duzun beste lan bat saio bateko aurkezle izatean datza...
Horrela da, bai. Kukuxumuxurekin egiten dut lan; Sanfermin.com helbidean nire Betti Basque saioa daukat. Ingelesezko elkarrizketak, eta euskara eta gaztelaniazko popurri bat egiten dut. Gainera jende mordo batek ezagutzen du jaia; Ernest Hemingwayren bitartez oso famatuak dira San Ferminak.
Zertan zabiltza orain?
Apiriletik daramat Ipuin Iberiarrak lana taularatzen (bai euskarazko eta baita gaztelaniazko bertsioa ere). Urtea amaitu aurretik New Yorkera bueltatu nahiko nuke. Baina zaila da zehaztea. Proiektu batekin nabil, eta gainera kasualitatez beste lan interesgarriren bat irteten bazait...ikusteko dago.
Ze desberdintasun ikusten duzu hango eta hemengo lan egiteko moduan?
Merkatua oso handia da New Yorken, eta giroa oso profesionala. Jendea etengabe ari da ikasten, asko lantzen du ahotsa, azentua, interpretazio estiloa... Oso arduratuta dago bere ofizioarekin eta ideia berriei zabalduta daude. Hemen esaterako, beti komedia egiten ari den pertsona dramara pasatuz gero, harritu egiten da jendea. Ez dago ohituta metamorfosi hori ikustera. Eta han, berriz, oso barneratuta dute erregistro aldaketa ogibidearen parte dela. Baina horrek ez du esan nahi New York Euskal Herria baino hobea denik, e?
Antzerkian oso eroso zabiltzala ikusten da, baina filmen bat egingo al zenuke?
Desiratzen nago! Ondo legoke Viggo Mortensenen neska-lagun papera lortzea... (barre). Baina Euskal Herrian zinema egitea nahiko nuke. Pertsonaia baten bitartez bizitzari buruz hitz egiten duzu eta hemen lan eginda, erosoago sentitzen naiz. Niretzat garrantzia duen zerbait kontatzeko nire munduan dagoen zerbait izan behar du, benetan ezagutzen dudana.
Euskara, gaztelania eta ingelesa. Zeinetan sentitzen zara erosoen lanean?
Euskaraz, uste dut. Ez da nire ama-hizkuntza, baina azkar
ikasi nuen. Ingelesarekin gertatzen zait, nire hizkuntza ez denez, ez diodala
errespetu handirik eta gauza gehiago egiten saiatzen naizela. Baina horren
polita da euskara!