Nork ez du Itxaro Bordaren izena noizbait entzun; eta nola ez, literaturarekin
lotu? Lapurtar hau 1959. urteko martxoaren 29an jaio zen Baionan, baina
Nafarroa Beherako Oragarren igaro zituen lehenengo urteak. Euskal literaturako
idazle ezagunetariko bat bihurtu da denborarekin. 
Baina nahiz eta lumarekin duen abileziak egin duen ezagun, Nekazaritzan eta Historian lizentziatutako emakumea da Borda. Eta gainera, idaztearekin zerikusirik ez duen lanbidea du, postari izatea baita bere ofizioa. Haatik, eta zorionez, euskal literaturari ekarpen oparoa egin dion lapurtarra dugu.
Letrenganako duen zaletasunagatik, esate baterako, Maiatz literatura aldizkaria sortzera bultzatu zuen 80ko hamarkadaren hasieran; hori 1982. urtean izan zen. Txikitatik idazten duen arren, bere lehendabiziko liburuak ez zuen 1984. urtera arte argia ikusi. Poemez osatutako lan horri Bizitza nola badoan jarri zion izena. Poesia arloan liburu ugari argitaratu ditu: Krokodil bat daukat bihotzaren ordez (1986), Orain (1998) edota berriena, Hautsak errautsa bezain (2002).
Baina olerkigintza ez da jorratu duen bakarra. Izan ere, Itxarok nobelak ere idatzi ditu (Basilika 1984ean, %100 basque 2001ean edo Zeruetako erresuma 2005ean, esaterako). Saiakera eremuan ere murgildu da Emakume Idazle (1984) eta Hiruko (2005) lanekin.
Azkenik, aipatu behar da bere lana saritua izan zela 2002.urtean; orduan
eskuratu zuen Euskadi Saria %100 basque eleberriarengatik.