Euskonews Gaztea

38 zbk.

Andres Espinoza
Andres Espinoza
(Cabimas, Venezuela, 1973ko martxoaren 8a)


Venezuelan jaio eta hezi zen Andres. Ikus–entzunezko kazetaritza ikasi zuen bertan. Baina zoriak nahi izan zuen Donostiara bizitzera etortzea. Bertan du bizilekua 2004.urtetik. Bere zaletasunen artean musika eta zinea daude. Eusko Ikaskuntzako Zinematografia Saileko lehendakaria da 2006.urtetik.

Elkarrizketa

Andres Espinoza. (Eusko Ikaskuntzako Zinematografia Saileko lehendakaria):
Zinean gauzarik zailenetarikoa sentimenduak ongi adieraztea da

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Zinema bereziki gustuko du Andres Espinozak. Eusko Ikaskuntzako Zinematografia Saileko lehendakaria dugu. Venezuelan du sorlekua, martxoaren zortzi batez etorri zen mundura Cabimas herrian, Zuliako estatuan.

Zer ikasi duzu?

Ikus–entzunezko kazetaritza ikasi nuen Zuliako Unibertsitatean. Berez, karreraren izena Gizarte–komunikazioa zen. Hala ere, diseinu grafikoan lan egin nuen 1993.urtetik, publizitate agentzia batean. Nik ideiak sortzen nituen eta beste batzuek forma ematen zizkieten. Denborarekin konturatu nintzen benetan egin nahi nuena azken hori zela, edizioan lan egitea, alegia. Baina argazkilaritza, musika eta marrazketa ere nire zaletasunen artean daude. Horren adibide da argazkilari baten laguntzaile ere izan nintzela Venezuelan.

Alor ugari jorratu dituzu, beraz...

Bai, eta horrenbeste urteko esperientziaren ondoren, ikus–entzunezko munduan batez ere irudiaren aldea menperatzen dudala esan dezaket.

  Andres Espinoza

Venezuelakoa zaren arren, Donostian bizi zara gaur egun...

Hala da, bai. Nire buruan nituen proiektu guztien artean, handik irtetea zen bat. Familiak ere animatzen ninduen horretara; herriko artista bezala gera nintekeela esaten zidaten, eta aurrera jarraitu behar nuela. Donostiako neska bat ezagutu nuen eta beragatik etorri nintzen hona.

Eta zer moduzkoa izan zen hona egokitzea?

Oso ondo joan zait lehenengo momentutik. Esan liteke hirugarren mundutik etorri naizela; nire biziraupena egunean egunekoa zen. Hemen aldiz, eguneko lana hilabetera ordaintzen dizute, eta ekonomia orekatu baten erakusgarri da.

Eta zertan egiten duzu lan?

Iritsi nintzenean edozertan aritzeko prest nengoen; musika denda batean, edo zerbitzari, esaterako. Baina Euskomedia Fundazioan norbait behar zutela jakin nuen, eta digitalizatze lanetan hasi nintzen. Publikazio digitalekin lan egin dut eta poliki–poliki lan garrantzitsuagoak egiteko konfiantza eman didate.

Eta gainera Eusko Ikaskuntzako Zinematografia Saileko Lehendakaria ere bazara...

Orain urtebete hartu nuen kargu hori. Nire lana ahalik eta hoberen egiten saiatzen naiz. Ekimenak antolatzea da dudan ardura nagusia, baina izan ditudan ideietatik bakarrak egin du aurrera aurten.

Zein motako ekintzak dira?

Esate baterako, aurten azaroaren 27 eta 28an laburmetrai batzuk eskainiko ditugu Mungian. Kasu honetan euskara hutsezkoak izango dira eta laburrez gain, Juanmi Gutierrezen luzemetrai bat ere proiektatuko da. Euskal zinema munduan egiten den hoberena jendeari helaraztea da helburua. Gero, beste udalerri batzuetara ere joan nahiko genuke.

Zinema ahotan dugula, zer deritzozu euskal zinemaren egoerari buruz?

Nire ikuspuntua hemengo beste edonorenaren desberdina dela argi eduki behar da. Askok diote ez dagoela nahikoa laguntza. Baina ni zine askorik egiten ez den toki batetik nator, eta hemen dagoen aukera eta ematen duen irabazia ikusita, nahiko ondo dagoela esango nuke. Arazoa beste bat dela deritzot. Hau da, ideia falta dagoela. Nire ustez ideia on batek ez du preziorik eta hori izanda eta diru–laguntzak bilatuz gero, aurrera egin daiteke.

Andres Espinoza

Euskarazkoari buruz ari al zara?

Bai. Jendea ez da arriskatzen, eta gaztelaniara jotzen du. Momentu honetan dudan helburu bat da euskarazko film edo dokumental bat egitea. Zergatik? Kanpoan beste hizkuntza batean lan egitea ondo ikusita dagoelako. Ni, adibidez, Venezuelara euskarazko eta azpitituluak dituen film batekin joaten banaiz, jende ugari gerturatuko da ikustera, harrera bikaina izaten baitu kanpotik datorren gauza orok. Horregatik ari gara bultzatzen euskarazko zinema.

Bestalde, Zinemaldiari buruzko zure iritzia zein da?

Nire ustez onenetariko bat dugu Donostian. Garrantzitsuena pelikula onak aurkeztea da eta honek lortzen duela uste dut. Pantailetako izarrak gerturatzea niretzako arreta deitzeko modu bat besterik ez da. Gainera, publikoak film horiek ikusteko aukera izatea berebizikoa da, eta hori eskaintzen digu Zinemaldiak. Cannesera joanez gero, aldiz, izar asko topatuko ditugu baina pelikularik ezingo dugu ikusi... Publikoari begira gurea hobea da.

Beste jaialdi bat ere bada Donostian, Zine Fantastikoa hain zuzen ere.

Egia esan ez naiz inoiz izan, ez baita bereziki gustuko dudan genero bat...

Musikaria zara afizioz. Zein garrantzia du zuretzako soinu–bandak film batetan?

Ezinbesteko zerbait da, baina oreka bat egon behar da. Ezin da soinu–banda beste ezer baino hobea izan, hortaz gogoratuko baitzara bakarrik. Edo abestiak oso txarrak izanda pentsa dezakezu hori gabe filma primerakoa izan zitekeela. Hala ere, niri ikaragarri gustatzen zaizkit.

Adibidez?

Esaterako Kill Bill, Run Lola Run edo Pulp Fiction bezalako pelikuletakoak.

Film horiek aipatu dituzula. Zeintzuk dira zure kuttunenak?

Sin City (gidoi ona eta irudi aldetik bikaina); Kill Bill I (argazki, marrazki, abesti eta akzioz betea); Pulp Fiction; La vida de los otros; Amelie eta Trainspotting.

Gogoratzen al duzu ikusi zenuen lehendabiziko filma?

Bai. Hutsegite batengatik Juan Salvador Gaviota ikustera eraman ninduen nire anaiak, pentsatu baitzuen gustuko izango nuela. Nik hegodun super–heroi bat izango zela uste nuen eta azkenean dokumental bat zen, kaio bat protagonista zuen dokumentala! Oso txarra izan zen. Baina benetan markatu ninduen pelikula Flash Gordon izan zen.

Anime  
Andres anime erara. Berak sortutako irudi bat.

Zein da zure gogoko generoa?

Haurrentzakoa. Animazioko asko gustuko ditut, Toy Story eta abar. Gainera, Anime deituriko marrazki japoniarrak biziki atsegin ditut.

Eta zeintzuk dituzu begiko zuzendariak?

Quentin Tarantino gustatzen zait pilo bat; baina ez horrenbeste odolarengatik duen zaletasuna. Egia da, ordea, beste zuzendariek egiten dutenarengandik urruntzen dela, eta hori izango da arrazoia. Bestalde, Michel Gondry ere miresten dut.

Eta aktore gogokoenak?

Normalean zital papera egiten dutenak. Hala nola, Alan Rickman eta Gary Oldman gizonezkoen artean; eta Cate Blanchett eta Mary Streep emakumeen artean.

Film bat grabatu beharko bazenu, nolakoa litzateke?

Niri sentimenduak adierazten dituzten pelikulak gustatzen zaizkit. Niretzako gauzarik zailenetarikoa da zinean horiek ongi adieraztea eta pentsatuta daukadan proiektu bat da.

Eta Euskal Herriko tokiren bat hartuta, zein nolako eszena grabatuko zenuke?

Donostiako Ondarretako tuneletik Perlaraino hondartzatik paseatzen ari dira Maggie Gyllenhaal eta Ewan McGregor aktoreak. Neskak kontatzen du nola irten berri dagoen erlazio batetik. Azken batean, sentimenduak adierazten.