Gaur egun askok lanbide bakarra beharrean bi izaten dituzte; Naroa Agirreren kasua da hori. Gipuzkoako hiriburuan etorri zen mundura Agirre 1979ko maiatzaren 15ean eta euskal kirolari ekarpen garrantzitsuak egin dizkio gazte honek.
Atleta ezaguna dugu donostiarra. Luzera jauzia praktikatzen hasi zen, eta nahiz eta gaur egun ere noizean behin egiten duen, modalitatez aldatu eta pertikarekin aritzeari ekin zion. Eta asko saiatuz, erreferente izatera iritsi da mundu horretan.
Esan bezala, bai estatu mailan eta baita nazioarteko proba desberdinetan ere parte hartu du. Esaterako, 1997an Espainiako junior txapelduna izan zen; 2003 eta 2006.urteetan berriz, aire librean ospatutako pertika jauziko txapeldun absolutua Espainiako txapelketan. Bestalde, nazioarteko probei dagokienez, Munduko txapelketetan aritu zen 2003an Parisen eta 2005ean Helsinkin. 8. eta 9. postuak lortu zituen, hurrenez hurren.
Errekorrak ere hautsi ditu Naroak; eta ez behin bakarrik. Pertikarekin Espainiako errekorra apurtu zuen 2006.urtean, bai aire librean eta baita teilatupean egindako txapelketatan ere. Bietan ala bietan, 4,40 metrotako luzera gainditu zuen.
Gainera, gipuzkoarrak Olinpiadetan parte hartu du. Atenasen izan zen 2004.urtean, eta seigarren geratzea lortu zuen. Baina ez da ibili den munduko toki bakarra. Hala nola, Valentzia, Mosku, Tunez, Sevilla eta Budapest bisitatzeko parada izan du bere profesioa dela eta.
Baina hasieran esan bezala, beste lanbide bat ere badu Agirrek. Atleta
lana aktore lanarekin uztartzen du azken urteotan. ETBko Goenkale telesailean
agertzen da eta bertan bere izen bereko pertsonaia interpretatzen du. Nahiz
eta lanpetuta ibili, lau metroen gainetik hegan jarraitzen du gazte euskaldunak.