Iritsi da azkenean eguna. Iritsi da Nafarroa Oinez 2007. Aurtengo festa Vianan ospatuko dute eta bertako neska-mutiko, irakasle, guraso eta gainerako euskaltzaleak, guztiak egon dira azken hilabeteetan data honen zain.
Nafarroako Ikastolen aldeko aurtengo jaia antolatzeko ardura Erentzun ikastolak du. 1978.urtean sortu zen eta 17 ikasle hartzen zituen bere baitan. Gaur egun, aldiz, 133 gaztetxo dira egunero bertara eskolak hartzera gerturatzen direnak.
Hasiera
latzaHastapen hartan, ikasle gutxi elkartzen ziren ikastolan eta gainera, hasierako eraikin hark eskasia ugari zituen. Hala nola, eskolak emateko gelak ez zeuden egoera onean, eta horrek ikasleak etengabe tokiz aldatzera behartzen zituen.
Baina gauzak hobera egin zuten 1992. urtean. Izan ere, urte hartan Nafarroa Oinez antolatzeko ardura hartu zuten beren gain Erentzuneko lagunek aurrenekoz. Orduko leloa Euskarari Bidea Eginez izan zen eta gaur egungo eraikina sortzeko baliatu zuten festan bildutako dirua.
Aipatu bezala hamazazpi ikaslerekin hasi zen ikastola, eta kopuruak nabarmen egin du gora hogeita bederatzi urte luze hauetan. Hezkuntza eskaintza ere zabaldu dute ondorioz. Hala, gurasoek 0 eta 3 urte bitarteko zikloa, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako eskaintza dute eskura.
Hala ere, oraindik lan asko dute egiteko. Esaterako, eraikin berri bat. Edota haurrek aterpean jolasteko pilotaleku bat. Ez dute erronka makala, eta horrexegatik euskaltzale guztion laguntza behar dute igande honetan.
Ez da aspertzeko betarik egongo, goizetik iluntzera bitartean etengabeko
egitarauaz gozatu ahalko da. Horregatik animatzen dugu gure orrietatik euskaltzale
oro, festarekin bat egin eta beraien helburuak lortzen lagun diezaiegun!
Guk daukagu giltza!