Euskonews Gaztea

35 zbk.

Kepa Errasti
Kepa Errasti
(Aretxabaleta, 1981)


Aretxabaletan jaio zen 1981eko martxoaren 29an. Kazetaria da, baina aktore lana du ofizio. Hamalau urterekin egin zuen bere lehenengo antzezpena Arrasate Euskaldun Dezagun elkarteko antzerki ikastaro baten ondoren: Nueva Zaragozako Herritarrak zuen izena. Ondoren, Drac-Queen bezala jantzi eta lagunarteko saio batzuk egin zituen, “ganora handi barik”, bere hitzetan.

Elkarrizketa

Kepa Errasti. Aktorea: Goenkalen ari naizenetik etxera gutxiago joan eta lagunak gutxiagotan ikusten ditut

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Aretxabaletako gazte honen aurpegia ezaguna egitea ez da batere bitxia. ETB1eko Goenkale telesaileko Alex da. Kazetaritza ikasi zuen Leioan, baina txikitatik jakin izan du aktore izan nahi zuela. Gogor saiatu eta azkenean bere fruituak jasotzen ari da gipuzkoarra. Pozik, gainera, telebistaz gain taulagainera ere igotzeko aukera duelako.

Nonbaiten irakurri dugu kazetaritza ikasketak egin dituzula...

Halaxe da. Aktore lanetan hasi aurretik Bilbora joan nintzen eta kazetaritza ikasi nuen. Ondo joan zitzaizkidan ikasketak, baina hasieratik argi neukan nik aktore lanetan aritu nahi nuela.

Eta ez zenuke berriz kazetaritza mundua zapalduko?

Ez dut esango ezetzik, baina une honetan ez, aktore bezala lana dudalako. Gora behera handiko profesioa da eta batek daki etorkizun batean zer egingo dudan.

Kepa ErrastiAktore izateko trebatu egin al zara?

Bilbon amaitu eta benetan nahi nuena egiten saiatu nintzen. Madrilera joan nintzen eskola batetan froga batzuk egitera, baina ez ninduten onartu. Orduan, Donostiako Arte Eszenikoen Tailerrean izena eman eta lau urte egin ditut bertan.

Eta zer moduz?

Oso gustura. Asko ikasi dut eta hirugarren urtea hastear nengoela Goenkalen lan egiteko aukera eduki nuen.

Goenkale aipatzen duzula, antzezten duzun pertsonaiaren antzik ba al du Kepak?

Berez ez, baina egia da egunero pertsonaia berdina egitean, nire izaeraren zatitxo bat hartu duela Alexek (pertsonaiak). Hasieran zen bezalakoa izatetik gaur egunera aldatu egin da, eboluzio bat izan du eta neurri batean gidoigileek dute horren errua. Izan ere nolakoa zaren ikusten dute, nola antzezten duzun eta horren arabera egokitzen dute pertsonaia.

Jendeak ezagutzen al zaitu kalean?

Nabilen tokiaren arabera, egia esan. Ez da berdina herri txikietako kaleetatik ibiltzea edo hiri handi batetik. Esaterako, gutxik ezagutzen naute Bilbo moduko toki batean.

Eta eskatu al dizu inork autograforik?

Bai, askotan gainera. Oroitzen dut lehenengo aldian bitxia egin zitzaidala. Baina sinatu eta aurrera. Gainera, niri ez zait ezer kostatzen eta eskatu dizunari ilusio galanta egiten dionez... denok pozik. Hala ere batzuetan ez dizu grazia handirik egiten, parrandan zabiltzanean, adibidez.

  Kepa Errasti

Zertan aldatu dizu bizitza telebistan agertzeak?

Lan gehiago dut Goenkalen ari naizenetik eta ondorioz etxera gutxiago joaten naiz eta familia eta lagunak gutxiagotan ikusten ditut. Asteburu gehienetan antzerki emanaldiak edukitzen ditut.

Zein ikuskizunetan?

Ni ez naiz txotxolo izena duen haurrentzako ikuskizun bat egiten hasiko naiz orain; beste aktore baten ordezkapena egingo dut.

Bestalde, helduentzako antzerki bat prestatzen ari gara (azaroko hirugarren asteburuan estreinatuko dugu). Azken hau alzheimerrari buruzko lan bat da, Amaren Memoriak izena duena. Iparraldeko antzerki talde batekin koprodukzioan egingo da. Haiek frantsesez eta guk euskaraz eta gaztelaniaz. Amonak alzheimerra duen antzerki honetan zazpi aktore arituko gara.

Alzheimerra ardatz, tragikoa dela esango al zenuke?

Ez nuke tragikoa denik esango, komedia zuria bezala definituko nuke, errespetutik egina baina erraz ikusteko moduko antzerkia.

Musikal batean ere hartu zenuen parte.

Behin aritu nintzen eta oso gustura egia esan. Beste erregistro mota bat da eta gauza desberdinak eskatzen ditu. Eskolan jakin nuen mutil faltan zeudela eta animatu egin nintzen. Eta doaneko kantu eta dantza ikastaro bat izan zela esan dezaket.

Txoritxo batek esan digu gitarra ere jotzen duzula...

(Barre) Egia esan nire kabuz ikasi nuen. Lehen gehiagotan jotzen nuela aitortu behar dut, orain afari espezialetan, lagunartean eta animatzen naiz.