Euskonews Gaztea

34 zbk.

Gaiak

Denok Ikastolaren alde!

EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA

Arrazoi ugarik bultzatuta har dezakegu Bergararako bidea igande honetan. Izan dezakegu ibiltzeko gogoa eta egun pasa Gipuzkoako txoko honetara abiatu gaitezke. Edo egitaraua zabaldu eta musikaz gozatzeko dugun aukera zabalaz ohartuta murgilduko gara jai–giroan. Edota euskaltzale garen aldetik bertako ikastolari laguntzeko tartetxo bat hartuko dugu urriaren 7an.

  Errespetua
Kilometroetan errespetua bultzatu nahi dute.

Zergatia edozein izanda ere, asko eta asko izango dira igandean Kilometroak jaia ospatzera gerturatuko direnak. Izan ere, XXI. mende honetan sartuta gaudela, gure hizkuntza zaharraren alde lan handia egiten duten ikastolek laguntza beharrean jarraitzen dute; dela eraikinak konpontzeko edota ikastolaren proiektua hedatzea.

Errespetuz, festa giroan

Ondo pasatzeko eguna izango da igandekoa, beraz. Egitarau zabala, adin eta publiko guztiei irekia. Hala ere, azken urteotan kezka nagusi bat dabil halako festen inguruan. Gazte asko eta askok eguna edanean ibiltzeko erabiltzen dute soilik. Horregatik, banatuko dituzte edalontzietan “Primeran pasa pasatu gabe” leloa jarriko dute, kontzientzia eragin nahian.

Hala ere, festa modu osasuntsuan igarotzea denon esku dago, eta ez da bakarrik gazteen erantzukizun. Horregatik, errespetua izan da antolatzaileek hautatu duten hitz nagusia. Festa honetan norberarekiko, besteenganako eta ingurumenarekiko errespetua bultzatu nahi baita. Ingurumenarekiko errespetua berriz erabiltzeko moduko edalontziak eskaintzean sustatuko dute; besteenganako errespetua, gizabidezko portaera izanda.

Nola joan

Ikastolen jairako aparkaleku batzuk egokituko dituzte herrian eta inguruetan. Hala ere, antolatzaileek nahiago dute bisitariek garraio publikoa erabiltzea. Bergarak ez dauka tren zerbitzurik, baina autobus ugari antolatuko dira bertara joateko. Asko eta asko herrietako euskara elkarteek antolatutakoak izango dira. Beraz, galdegin zure herrian eta anima zaitez Kilometroak jaian buru–belarri sartzera! Ondo pasa!