Alaitz Andonegui Recarte
(Donostia, 1975)
Fotozeramikan aditua da donostiar gazte hau. Bilbon Arte Ederrak ikasi,
praktikak Italian egin eta bueltan familia eta lagunek bultzatuta denda
ireki zuen Donostiako Jose Elosegi Alkatearen Hiribidean. 2004. urtean izan
zen hori. Argazkigintza du zaletasun, baina baita musika ere. Arpa ikasi
zuen eta Italian zegoela Celtic Harp Orchestra taldeko kidea ere
izan zen.
Alaitz Andonegi Donostian jaio zen 1975eko abenduaren 28an. Arte Ederrak ikasi ostean Italia aldera egin zuen hegan, zenbait urte eman zituelarik bertan. Dendatxo bat dauka Donostian 2004. urtetik, eta bertan dihardu fotozeramika delakoa lantzen. Berarekin mintzatu gara horretaz.
Zer ikasi zenuen?
Batxilergoaren ondoren Bilbora joan nintzen Arte Ederrak ikastera. Argazkilaritza eta bideo instalazioa ikasi nuen espezialitate bezala. Artista izateko prestatzen zaituzte, baina zaila da horrela bukatzea.
Fotozeramikan diharduzu orain. Zertan datza?
Argazkiak zeramikan inprimatzeko artea dela esan daiteke. Orain, batez ere hilerrietarako lanak egiten ditut. Baina orokorrean zeramika den guztian ipin daiteke irudiren bat.
![]() |
|
Denda bat dut Ategorrietan eta bakarrik dihardut lanean. Pixkanaka-pixkanaka aurrera doa negozioa. Gipuzkoatik ditut eskaera gehien, baina Bizkaia eta Nafarroan ere baditut zenbait bezero. Orain nire lana katalogatzen ari naiz eta espero dut horrek laguntzea eta merkatua handitzen joatea.
Italian ere bizi izan zara.
Bai, karrera amaitu ondoren Italia aldera joateko aukera izan nuen. Bertan, argazkilari batzuekin praktikak egin nituen. Han egonda erabaki nuen denbora gehiagoz geratzea eta azkenean lau urte eta erdi eman nituen Europako txoko horretan.
Zerbaiten hutsunea igarri zenuen Italian?
Egia esan ez. Azken finean ez dago horren urruti Donostia hegazkina hartuz gero eta nire hiri hau gertu sentitzen nuen. Betiko gauzak akaso, familia, zerbait kontatu nahi nuenean hemengo lagunak ez zeudela... Orain aldiz, hango lagunak eta bizi nuen errutina sumatzen dut faltan gehien bat.
Zertarako balio izan dizu kanpoan bizitzeak?
Gauzak nire kabuz egiteko; nire bizimodua aurrera ateratzen ikasi dut. Lana bilatu behar izan dut eta diru faltan nengoenean gauzak baloratzen erakutsi dit kanpoan bizitzeak, esaterako.
Nire ustez bizitzan behin irten behar da kanpora. Han nengoenean argi nuen Donostian jarraituko zuela nire bizitzak, baina gauza ugari ikasita itzuli naiz Italiatik. Positiboa izan da.
Arpa jotzen duzula ere entzun dugu...
Horrela da, bai. Kontserbatorioan ikasi nuen arpa jotzen. Egia esan ez da erraza eta denbora eramaten duen instrumentu bat da.
Gainera, Italian nengoela Celtic Harp Orchestra deituriko taldean aritu nintzen eta hiru disko kaleratu genituen. Kutsu irlandarra duen taldea da, hamabost bat arpa, gitarra, biolinak... osatzen dute. Irlandarrez, ingelesez eta euskaraz jo ditugu abestiren bat edo beste.
Zer gustatzen zaizu Donostiatik?
Batez ere itsasoa. Itsasoa eta honek ematen duen lasaitasuna atsegin dut.
Arzak parean egonda, famaturen bat ikusi al duzu inoiz?
Urrutitik, baina bai. Iaz, esaterako, Matt Dillon aktorea ikusi nuen, edota Boris Izagirre telebista aurkezlea ere pasatu da bertatik eta ikusteko aukera izan nuen.
Ezin bukatu Zinemaldiari buruz galdetu gabe. Egon al zara bertan?
Egia esan ez. Orain lan pila batekin nabil, garai “txarrena” dela esan daiteke. Izan ere azaroaren 1a bertan dago eta jendea zoratu egin dela dirudi. Penaz gelditzen naiz, lehen koadrilakoekin joaten nintzen buelta bat ematera, pelikulak ikustera... Giroa gustatzen zait gehien, berezia baita.