Itziar Rekalde
(Gasteiztarra)
Itziar Rekaldek lana uzten duenean afizio ugari dituela aitortu digu. Ipuin
kontalaria da Bermeoko gasteiztar hau, eta Aramaion egongo da bere abileziarekin
gazte eta helduak harrapatzen. Bestalde, antzerki zuzendaria ere badugu,
eta esate baterako Arrasateko Doke taldea gidatu zuen Actto para la
Nochebuena izeneko antzezlanean.
Asteburu honetan (irailaren 22an) Aramaioko herria fantasia munduan murgilduko da. Izan ere, Ipuin Kontalarien Festa ospatuko dute Arabako herri honetan. Gu Itziar Rekalderekin harremanetan jarri gara; bera ipuin kontalaria eta aldi berean ekimeneko antolatzaileetariko bat da. Mundu horri buruzko puntu batzuk argitu dizkigu gasteiztarrak.
Nori dago zuzenduta Aramaioko ekimena?
Gurekin egun-pasa etorri nahi duen jende guztiari, hau da, kontalari guztiei eta entzule guztiei, haur, gazte zein helduei. Denontzako daude ipuinak eta.
Zein hizkuntza entzungo da Aramaion?
Gure aldetik ez dugu inolako baldintzarik jarri hizkuntzari dagokionez. Euskal Herriko kontalarion topaketa bihurtu nahi izan dugu festa hau. Edo, bestera esanda, kontalarion topaketa, festa bihurtu nahi izan dugu eta, jakin badakigu, gure Herrian osotasunean hartuta hiru hizkuntza ofizialak ditugula. Dena den, Aramaio eremu euskalduna denez eta kontalariok ere nagusiki euskaraz jarduten dugunez, nik esango nuke gehien bat euskara entzungo dugula nahiz eta gazteleraz kontatuko diren ipuinekin gozatzeko ere aukera izango dugun.
![]() |
|
| Itziar jubilatuei ipuina kontatzen. |
Ipuin kontalaria izateko, zer da funtsezkoa?
Sinpleena eta funtsezkoena zerbait kontatzeko grina izatea. Gero ofizioa dator: zerbait horri forma ematea, ahozkotasuna berak dituen ezaugarriak ezagutu, komunikazio zuzena lortzeko bideak aukeratu, besteak beste.
Kontalaria antzezlea dela esan al daiteke?
Ez. Antzezlea pertsonaiaren larruan sartzen da eta pertsonaia izaten da gure aurrean agertzen dena egoera jakin bat aurkezteko. Antzezlea pertsonaiaz baliatzen da bere ekimenetan.
Kontalariak, aldiz, gertakizun baten lekukotasuna ematen
du zuzenean; irudimenezko unibertsora eramango gaitu istorioaren poderioz.
Ez dago bitartekorik. Bestea da, kontalari bakoitzak baduela bere estiloa
eta modu asko daudela kontuak esateko. Bakoitzak erabakitzen du kontatuko
dituen istorioak nola eta zerez hornituko dituen. Badaude musikaz, txotxongiloz,
marrazkiez, kantuez, magiako jokoez eta hainbat tresnaz baliatzen direnak.
Badira ere hitzak bakarrik erabiltzen dituztenak. Askotan istorioak eskatzen
digu zer behar duen.
Arte eszenikoetan barruan bai, badagoela esango nuke hala ere.
Ipuinak umeentzat al dira soilik?
Ez, inondik ere ez. Nik esango nuke gainera, ipuinak/haurrak gure gizartean barneratua dagoen lotura hau erabat modernoa dela eta mendebaldeko kultura deitzen diogun honetan gertatzen den fenomeno bat. Beste leku askotan ez da horrela izaten. Gurean ere ipuinak jai giroan eta batez ere helduentzat kontatzen ziren, tartean umeak ere bertan zeudelarik. Gauzak ez ziren hain sailkatuak izaten.
![]() |
|
Edozein ipuin kontatu al daiteke? Edo zer behar du ipuin batek kontatua izateko?
Bai, edozer gauza konta daiteke. Kontatuta izateko, itxura edo forma eman behar zaio intentzio edo helburuaren arabera, nori zuzenduta dagoen kontuan hartuta, non kontatu behar den... Era askotan konta daiteke gauza berdina.
Nor murgiltzen da errazago ipuinean barrena, haurrak edo nagusiak?
Berdin. Helduok ere aurriritziak alde batera uzten ditugunean erraz sartzen gara ipuinen unibertsoan. Askotan deitzen gaituzte biblioteketako arduradunek irakurtzeko zaletasuna piztuko duen programetan parte hartzeko. Ondo da, baina benetan galdu duguna edo galtzear duguna komunikazio zuzena da: elkar entzuteko eta gauzak azaltzeko ohitura, gizakientzako beharrezkoa dena, bestalde. Horren premia dugu denok, haurrek zein helduok. Hori dagokio hain zuzen narrazioari.
Zer moduz ikusten duzu ipuin kontalariaren egoera Euskal Herrian?
Berde xamar. Ez gaituzte askotan aintzat hartzen ez bada bitarteko ekintzetarako, hau da, beste ekintza batzuk promozionatzeko. Eta konforme trukean idazleek, irakasleek, musikariek, margolariek, zinemagileek eta besteek gauza bera egingo balute ahozko narrazioaren alde. Baina hori ez da gertatzen. Gutxitan deitzen gaituzte narrazioa bera bakarrik nahi dutelako. Dena den, guk geuk kolektibo bezala eman behar ditugu lehen urratsak egoera aldatzeko. Argi dago.
Zer da ipuin kontalari bati bere emanaldian gerta dakiokeen onena?
Kontatzen ari den istorioarekin bat egitea eta ondoren, kontua, kontalaria eta entzuleak arnasa batera hartzea. Hori inoiz gertatzen da. Hori da niretzako ideala.
Ze aurreikuspen duzu Aramaion ospatuko den egunaren inguruan?
Ilusioz beteta gaude. Jende asko espero dugu. Baikorrak
gara, gainera Aramaioko Udala bera zeharo inplikatu da eta baita bertako
herritar zein elkarteek laguntza emango digute. Euskal Herri osorako egingo
den Aramaioko guztion festa izango da.