Euskonews Gaztea

31 zbk.

Barbara Goenaga
Barbara Goenaga
(Donostia, 1983)


Aktorez inguratuta hazi da Barbara eta horrek bultzatuta aukeratu zuen berak ere mundu horretan lan egin nahi zuela. Goenkalen hasi eta gaur egun zinema eta antzerkia ere probatu ditu gazte gipuzkoarrak. Hainbat sari jaso ditu, esaterako, 2001ean Jokulariak Saria Euskal Aktoreen Batasunak, El Grupo telesailagatik telebistako emakumezko aktore hoberenari saria; edota Emakumezkoen antzerki taldeko interpretazio hoberenari saria jaso zuen 2004. urtean Unión de Actores Saria, Historia de una Escaleran eginiko lanarengatik.

Elkarrizketa

Barbara Goenaga. Aktorea: Sariek indarra ematen dute lanean gogor jarraitzeko

Amaia ELIZONDO

Ume koskorra zenetik antzeztea gustuko izan du Barbarak. Dagoeneko Goenkale telesaileko neska txiki hura asko hazi da alor guztietan. Antzerkian, telebistan eta zineman lan ugari egin ditu aktore gazteak. Bere esanetan, aktore lana oso gustukoa du eta horretan jarraitzeko asmoa du. Abuztuan, Un tranvía en SP filma grabatzen aritu da Getxon (Bizkaia).

Momentu honetan zertan zabiltza, zein dira zure proiektuak?

Azken hilabetean Aitzol Aramaioren zuzendaritzapean Un tranvía en SP filma grabatzen aritu gara Getxon (Bizkaia). Nirekin batera, Hector Alterio, Julieta Serrano eta Daniel Bruhl aktoreek parte hartzen dute filman.

Telebistan, zineman eta antzerkian ibili zara. Baten bat nahiago al duzu?

Ez dut bat ala bestea nahiago. Egia esan bolada kontua izaten da. Batzuetan nahiago duzu telebistan ibili eta beste batzuetan zineman, baina lanbide honetan ez dago aukeratzerik. Azken finean, antzezteko eta transmititzeko gai izan behar duzu.

Barbara GoenagaTxikitatik zara aktorea. Nola oroitzen dituzu lehen momentu haiek?

Oso oroitzapen politak ditut. Izan ere, nire erabakia izan zen hasieratik eta ume bat nintzenez, nire helburua ondo pasatzea izaten zen. Nire familiak niretzako hoberena nahi zuen eta pozik ikusten nindutenez aurrera jarraitzen utzi zidaten. Hasieran niretzat jolas modukoa zen, baita nire familiarentzat ere.

Artista ugari dituzu familian. Horrek eragina izan al du zure lanbidea aukeratzerakoan?

Bai, eragin zuzena izan du. Arraroa izango litzateke medikuak edo abokatuak ateratzea gure etxean. Nire familiak beti babestu nau eta aktore izateko erabakia hartu nuenean guztiz errespetatu ninduten. Gainera, nire ustez, aktore izatea beste lanbide bat da, nahiz eta niretzat berezia izan.

Hainbat sari jaso dituzu zure lanengatik. Zer esanahi dute sari horiek zuretzat?

Sari horiek ardura izan behar duzula gogorarazten dizute. Aldi berean, sariek indarra ematen dute lanean gogor jarraitzeko. Dena dela, aktoreok egunero erakutsi behar dugu pertsonai batzuk antzezteko gai garela. Gainera, geroz eta sari gehiago jaso presio handiagoa izango duzu.

Euskal Herrian zaila al da aktore lanaz bizitzea?

Erraza ez da inon, baina geroz eta proiektu gehiago sortzen diren tokietan aukerak ere zabalagoak izaten dira. Hala, Euskal Herritik aktore ugari ateratzen gara beste proiektu batzuen bila.

Aktore bezala zein dira orain zure helburuak?

Niretzat helburuak jartzea mugak jartzea da. Ez dut helburuetan pentsatzen, hala, aukera gehiago dituzu zure lanarekin zoriontsu sentitzeko.

Barbara Goenaga

Zein pertsonaiaren rola egitea gustatuko litzaizuke?

Friends telesaileko Phoebe pertsonaiaren rola egitea gustatuko litzaidake.

Zein dira zure aktorerik gustokoenak?

Aktore asko ditut gustukoak. Audrey Hepburn, Al Pacino, Marlon Brando, Bette Davis...

Euskal zineman geroz eta film gehiago grabatzen ari dira...

Bai, hala da. Orain dela gutxi La Buena Nueva filma grabatu dugu Euskal Herriko hainbat tokitan. Orain, Un tranvía en SP lanarekin gabiltza Getxon eta Txindoki mendiaren inguruan. Egia esan, Euskal Herrian lan gehiago egitea gustatuko litzaidake. Niretzat luxua da etxean lan egin ahal izatea.

Atzerrian lan egitea gustatuko litzaizuke?

Duela bi urte Anastezsi filman parte hartu nuen. Filma Italiako hegoaldean grabatu genuen. Horren ostean, Buenos Airesera joan nintzen Juan Jose Campanellak idatzitako Vientos de Agua telesaila grabatzera. Edozein toki ona da proiektu on bat aurrera eramateko bada. Egia esan, atzerrian lan egitea ere atsegin dut.

Zure lanbidetik zer da gehien gustatzen zaizuna?

Lan bat prestatzeko egin behar den prozesua!. Pertsonaia ezberdinen jarrerak ulertu behar ditugu, baita antzeztu ere. Bestalde, bidaiatzea, jende berria ezagutzea... abantaila ugari ditu aktorea izateak. Egia esan, ia dena dut gustukoa nire lanbidetik.

Aktorea ez bazina, zer izango zinateke?

Biologoa, sukaldaria edota arte-merkataria.

Etorkizunko proiektuak?

Urtea bukatu baino lehen Oviedo Express, Los Cronocrimenes, La luna en Botella eta La Buena Nueva filmak estreinatzen joatea izango da nire proiekturik hurbilena.