Euskonews Gaztea

Gaiak

Geroaren Deiadarra; euskaltzaleen erantzuna

Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE

Leloa

Balmasedan ospatuko den Ibilaldiko leloa Geroaren Deiadarra da. Esanahi berezia du, izan ere garai batean herriko Kolitza mendira igo eta Bizkaiko biltzar nagusietarako deia egiten zuten. Horregatik hautatu dute aurtengo leloa eta dei berezia egiten diete euskaltzale guztiei; Enkarterrietako herritxo honetara gerturatu eta jaialdian parte-hartzeko deia.

Sei kilometro, dozenaka ekitaldi

Sei kilometro dituen ibilbidean zehar, sei gunetan banatuta egongo dira egitarauko ekimen guztiak. Denetarik antolatu dute Zubi Zaharra ikastetxeko lagunek. Ikastolan bertan emango diote hasiera 2007ko Ibilaldiari.

  Egitaraua
EGITARAUA IKUSTEKO, SAKATU ARGAZKIAN

Goizeko 9:30etan protokoloa burutuko da, hau da, agurra egin eta zinta moztuko dute. Ondoren, urtero egiten den bezalaxe, omenaldi bat egingo zaie euskararengatik lan egin duten pertsona batzuei. Hori Klaret Antzokian izango da, 11:30etan.

Gainerako guneetan ekitaldi ugari burutuko dira egun osoan zehar. Musika entzuteko aukera egongo da, esaterako bertsolariak eta musika taldeak. Dantzek beraien tokia dute festa erraldoi honetan eta umeentzako tailerrak ere egun osoan zehar irekita egongo dira.

Kantua

Seigarren gunean, urte honetako abestiko doinuaren egileek kontzertua eskainiko dute. Sagarroi izan da horretan aritu dena eta abestiaren letrak Kirmen Uribe idazlearenak dira. Baina abestiko protagonistak, benetan, Zubi Zaharreko haur talde bat dela azpimarratu behar da. Izan ere beraiek jarri diote ahotsa kantuari. Bertan, euskara erabiltzeko ausardia errepikatzen da behin eta berriz.

Abestia entzuteko, sakatu hemen

Ibilaldiko orrira sartzeko, sakatu hemen

Garraio publikoa

Ibilaldiko antolatzaileek eskatu dute igandeko jaira joan nahi dutenek garraio publikoa erabil dezatela. Hala, trafikoa txikitu eta erosoagoa izateko bidea.

Ea eguraldiak laguntzen duen eta jaiaz bete betean gozatzeko aukera duzuen gerturatzen zareten guztiok!