Ramón Bustamante
(Urduñarra)
Urduñan jaio arren Bilbon bizi da hamalau urte zituenetik. Kazetaria
da ogibidez eta Bilboko Herri Irratian egiten du lan. Bokazioa behar dela
dio kazetaritzan aritzeko eta denbora asko eskatzen duen lanbidea dela azpimarratzen
du. Gauzarik onena jende desberdina ezagutzeko aukera eskaintzen duela uste
du eta programazioari dagokionez, bihotzeko saioak ez dituela batere atsegin
aipatu du Ramonek.
Ramón Bustamanteri egingo diogu elkarrizketa. Ramón Bustamante Urduñakoa da, baina Bilbon bizi da orain dela hainbat urtetatik. Ezkonduta dago eta bi seme-alaba ditu. Herri Irratian lan egiten du aurkezle moduan. Kazetaritza eta beste hainbat gauzei buruz egindako galderei erantzungo digu.
Zu kazetaria izanda, zer iruditzen zaizu parte hartzen
ari garen proiektua, hau da, klasean berriak idatzi eta gero interneten
eskegitzea?
Oso ideia ona iruditzen zait. Gaur egungo gizartean internet ezinbesteko tresna dugu. Talde eta pertsona ezberdinen artean komunikazioa gauzatzeko momentuan Internetek oso aukera zabalak ematen ditu, besteak beste, berehalako harremana, zabalkunde handia, erantzuteko aukera eta gainera edozeinek erabil dezake oso modu errazean.
Bestelako hedabideen bitartez baino komunikazio zuzenagoa eta zabalagoa lor dezakegu interneten bitartez. Irratiak, telebistak edota egunkariak ere bere garrantzia izaten jarraitzen dute baina internetek beste esparru berri bat zabaldu du eta horrek oldartu du komunikazio arloa. Aipatutako betiko komunikabide horiek ere internetera jotzen dute beraien eragina areagotzeko.
![]() |
|
| Irratiko langileak. |
Azken bolada honetan oso modan jarri da “blog” delakoaren bitartezko komunikazioa eta webguneak ere oso arrakastatsu izaten ari dira. Hori guzti horrengatik nire ustez oso ideia ona da zuen lana ezagutaraztea interneten bidez.
Zer iruditzen zaizu komunikabideak erabiltzea Urduñako turismoa bultzatzeko?
Bai, ondo dago. Esaten den bezala hedabideetan agertzen
ez dena ez da existitzen. Beraz ba, Urduñak turismo arloan eskaintzen
duena zabaldu nahi bada mota guztietako komunikabideak erabili beharko dira.
Kontua da zeintzuk, nola eta zein neurritan. Baina hori hurrengo urratsa
izango litzateke, kanpaina zehatz batean sakonduz.
Dena den, gaur egungo gure gizarte honetan edozein ideia edo produktu zabaltzeko
ez da nahikoa pertsonen arteko komunikazio zuzenarekin. Hedabideak ere beharrezkoak
dira.
Zu Urduñakoa izanik,uste duzu ematen zaiola Urduñari eduki behar duen garrantzia komunikabideetan?
Baietz esango nuke. Baina kontu hau oso subjektiboa izan liteke denok nahi ditugulako gure gauzak, gure herria kasu honetan, goraipatua izatea. Kontutan izan behar dugu Bizkaian 110 udalerri inguru daudela, batzuk txikiak eta beste batzuk handiagoak dira eta denek bere tokia dute komunikabideetan berriren bat izaten dutenean.
Nik, esate baterako, badaukat Urduñaren berri nahiz eta herrian ez bizi. Eta bertakoaz dakizkidan albisteak komunikabideen bitartez ezagutu ditut. Bizkaia mailako edozein egunkari edota irratitan Urduñak badu bere isla. Dena den,egon badaude eskualdeko edo herri mailako komunikabideak ere eta holakoetan seguruenik toki gehiago daukala.
Zu orain Bilbon bizi zara. Zer nolako aldaketak bizi izan dituzu Bilbon bizitzean?
Bilbora bizitzera hamalau urte nituelarik etorri nintzen. Orduan niretzako hiria oso erakargarria zen, hiriko bizimoduarekin liluratuta nengoela esan genezake. Baina gaur egun ez dut horrela ikusten. Egia da hiriburuak edo herri handi batek aukera gehiago eskaintzen dituela zerbitzu arloan, batez ere ikuskizun edo aisialdiari dagokionez. Osasun arloan ere, esate baterako, ospitaleak eta bestelako zerbitzu garrantzitsuak hiri handietan daude kokatuta.
Baina gaur egun, orain hogeita hamar urte ez bezala, distantziak murriztu egin dira garraiobideek eta bere azpiegiturek hobekuntza nabarmena izan dutelako. Beraz, nire ustez gaur egun Urduña bezalako herrietan ere bizimodu kalitate maila ona izan daiteke.
Zein irudi dauka Bilboko jendeak Urduñari buruz?
Ezagutzen dudan jendeak Urduña naturarekin eta lasaitasunarekin lotzen du. Beraietako asko hona hurbiltzen dira mendira igotzeko eta baita jaiegunetan egun pasa egitera ere ( paseatzera, bazkaltzera...). Otxomaioetako jaiak ere oso estimatuak dira eta Aste Santuak ere badu bere erakarpena. Gainera, Aduana bainuetxea zabaldu zenez geroztik, nire ustez, jendeak badu Urduñara joateko beste arrazoi bat gehiago.
Urduñak egoera txarra bizi izan du,nola ikusten duzu zuk gure herriaren etorkizuna?
Bai, badakit industri arloan oso krisialdi larria pairatu duela Urduñak. Nekazaritza arloan ere bere gorabeherak izan ditu. Dena den, aldaketa hauek ez dira Urduñan bakarrik gertatu. Bilboko itsasadarreko ezkerraldean, esaterako, oso birmoldaketa sakona egin behar izan dute eta oraindik horretan jarraitzen dute. Azken batean mundu mailako gertakizunak dira hauek, globalizazioa delakoarekin zerikusi daukatenak. Hemen kontua da asmatzea etorkizuna eduki dezakeen jarduera batekin eta ni ez naiz horretan aditua. Baina badirudi zerbitzuen arloak gero eta garrantzi handiagoa hartu duela Euskal Herri osoan eta hor, Urduñaren kasuan, kokatuko lirateke turismo eskaintza eta oro har aisialdiarekin zerikusia duten jarduerak. Bestela ere, puntako teknologiaz baliatzen diren enpresak aurrera ateratzen ari dira toki ezberdinetan, gainera hauek kutsadura gutxi sortzen duten lantokiak izaten dira gehienetan.
![]() |
|
Zein aholku emango zenioke kazetaritza ikasi nahi duen gazte bati?
Bereziki gustukoa izatea kazetaritza, nonbait oso erakargarria egiten baitzaie gazte askori, baina gehienetan azaleko ezaguera baino ez daukate. Eta kazetari bezala lan egitea oso ederra da, baina ez da bakarrik telebistan agertzea berriak ematen edo irratian hitz egiten, edota egunkarietan norberaren izena ipini egindako artikulu edo erreportajean. Hori dena lortu ahal izateko lan handia egin behar da egunero. Nik esango nuke kazetariarena oso lan “bokazionala” dela, zaletasun handia eta denbora asko eskatzen duena.
Zein uste duzu izan daitekeela komunikabideen papera herrialde txiroen egoera mundu osora zabaltzeko?
Mundu zabalean gertatzen dena ezagutarazteko hedabideak nahitaezkoak dira. Baina kasu honetan kontutan izan behar dugu ea komunikabide horiek norenak diren eta zeinen interesen alde jokatzen duten, ezin baitugu ahaztu herrialde txiroen egoera, neurri handi batean behintzat, herri boteretsu eta aberatsen erantzukizuna dela. Kolonizazioa amaitu zenetik, hirurogeigarren hamarkadatik aurrera, Mendebaldeko herrialdeek jarraitu izan dute Hirugarren Munduko herrietako ondasunak eta lehengaiak bereganatzen modu ezberdinez. Askotan liskarrak eta gudak sortarazi ditu Mendebaldeak herri txiroen ondasunez jabetzeko. Tamalez, kasu honetan itxurakeria handia izaten da.
Zein da zure lanetik gehien gustatzen zaizuna?
Jende ezberdina ezagutzeko aukera ematen didala. Eta puri-purian dauden gaiak ere berehala eta modu zuzen eta sakonean ezagutzen ditut nire lanari esker. Oso lanbide bizia da.
Zein da zure iritzia gaur egun komunikabideetan dauden programa batzuei buruz, adibidez, bihotzeko saioak eta abar?
Ez ditut batere gustuko. Azalkerian eta gustu txarrean daude oinarrituta. Baina aitortu behar da arrakastatsuak direla oso, zenbait gaik sortzen duten morboaz baliatzen baitira. Maitasun istorioak, iskanbilak... edozein pertsonarengandik gertu izan daitezkeen gaiak jorratzen dira saio horietan oso modu eraginkorrean. Norberaren sentimenduak eta emozioak ukitu egiten dira baina, esan bezala, oso gustu txarrarekin eta pasio baxuenak areagotuz.
Gainera, azpimarratu behar da komunikabide guztietan
eskaintzen direla mota honetako saioak. Badirudi azalkeria eta arinkeria
nagusitu direla hedabideen jarduera gehienetan. Eta ez dut uste hori batere
positiboa denik. Nire ustez posible da saio dibertigarri eta erakargarriak
egitea hain baxu erori gabe.
Motzean:
Kolore bat: Berdea
Mendia ala hondartza? Biak ditut gustuko. Udazkenean eta
neguan mendia eta udan hondartza.
Arraina ala okela? Arraina nahiago, baina okela gero eta
gehiago gustatzen zait.
Liburu bat: EUSKERA JENDEA. Gure hizkuntzaren
historia, gure historiaren hizkuntza, Xamar-ena.
Abesti bat: Ken 7-ren Zapalduen Olerkia
Musika talde/abeslari bat: The Jayhawks talde ipar-amerikarra
Bidaia bat: Vietnamera
Amets bat: Euskal Herria aske eta subiranoa izatea
Zer esan nahi dute zuretzat hitz hauek?
URDUÑA: Nire jaioterria. Lasaitasuna
eta edertasuna.
EUSKAL HERRIA: Nire aberria, Europako mapan azaldu nahi
duen herria.
RADIO POPULAR: Nire lantokia. Bizitzarako eskola bikaina.
ATHLETIC: Gaur egun noraezean dabilen historia handiko
futbol taldea.
IBARRETXE: Lurralde autonomiko honetako lehendakaria.
Oso pertsona erakargarria eta langile sutsua.
MAITASUNA: Bizitzaren bizipoza.
Primerako elkarrizketa izan da eta eskertu nahi diogu Ramóni emandako informazio guztia.Espero dugu berarekin beste alditan elkarrizketak izatea. Mila esker zure laguntza eta aditasunagatik.