Euskonews Gaztea

Gaiak

Errenteriako Kaputxinoak

Hasier ERKIZIA, Mikel BALDA, Jon CABRILLA, Jokin BERRA - Batxilergoko ikasleak

Oreretako Fatimako Andre Mariaren parrokian une historikoak bizi dituzte azken hilabeteetan. Fraide kaputxinoek eliza eta euren bizileku izan den egoitza utzi dituzte, eta hemendik aurrera herrian ez da kaputxinorik izango. Jose Luis Ansorena, Kepa Goienetxe eta Xabier Etxenike izan dira Oreretako azken hiru kaputxinoak. Ez da haien erabakia izan, Oreretan gustura zeuden eta, baina kaputxinoen goi karguek emandako agindu baten ondorioz utzi egin behar izan dute herria. Albistea ez da nolanahikoa, orain dela urte askotxo iritsi baitziren gurera.

Argazkia  
Ansonrena.

Urte hauetan guztietan egindako lana eskertzeko omenaldia egin zien Udalak herriko jaietan. Suziria bota ondoren emozio handia sentitu zutela esan zuten.

Gizon hauei jarraipen bat egitea merezi du beraiek sortuak baitira herrian antolatutako elkarte eta ekintza ugari: Gaztedi elkartea, Andra Mari abesbatza, eta beste hainbat. Gure herriaren historiari lotutako protagonismoa ere izan dute, eta ez bakarrik erlijiosoa.

XVII. mendetik gaur arte eginkizun zehatzak izan dituzte, esan bezala, erlijioari eta kulturari lotuak gehienbat. Orain ordea erreleborik gabe geratu dira. Ez daukate fede kristaua zabaltzeko behar adina elizgizonik, eta erantzukizun hori beste batzuen eskuetan uztea erabaki dute. Erabaki zaila izan da haientzat, mingarria, baina hartu beharrekoa eta, beraz, baikortasunez hartu dute.

Erdi Arotik hona

Lehen kaputxinoak Errenteriara1612. urtean iritsi ziren eta Matxingo lurmuturrean beraien bizilekua izango zen eraikina egiten hasi ziren. Bertan, bi mendean zehar bizi izan ziren eta herritarrekin oso harreman estua izan zuten. Arrazoi on batengatik eraiki zuten komentua Matxingo lurmuturrean: fraide ugari joaten zen misioetara eta beharrezkoa zuten itsasoa gertu izatea.

1837. urtean ihes egin behar izan zuten komentutik karlistengatik, izan ere, Errenterian, eta baita inguruko herrietan ere, jendea karlista eta isabeldarren artean oso banatua zegoenez, beraien arteko borroka batean, karlistek komentua erre baitzuten.

Kaputxinoen berretorrera Errenteriara ez zen izan 121 urte geroago arte. Etorri zirenerako herria asko garatu zen, baita handitu ere, eta kaputxinoek pentsatu zuten oso komenigarria izango zela komentu berri bat egitea Errenteriako leku lasai batean. Eta leku hori Pake-Toki izan zen. Hasiera hartan bost fraide ziren, eta haiek izan ziren Fatimako Andre Mariaren eliza eraikitzeko arduradun.

Gaur egun, kaputxinoek ez daukate herritarren aldetik lehen bezainbesteko laguntza, eta hori da orain herritik joan behar izatearen beste arrazoi bat. Orain ez dago lehen hainbeste fededun eta horregatik ez dute zeregin askorik Errenteriako parrokian.

Eliza eta kultura

Azkenaldi honetan, Oreretan hiru fraide izan dira bizitzen eta kaputxinoen zeregina aurrera ateratzen. Beraien artean bat nabarmentzekotan, Jose Luis Ansorena da, zeren berak burututako lana ez da makala izan. Berak sortu zituen Andra Mari abesbatza, Musikaste, Eresbil eta beste erakunde batzuk ere.

  Argazkia
Eresbileko lokalak, Errenterian.

1966an inauguratu zen Fatimako Andre Mariaren eliza, eta inaugurazio horretan parte hartu zuen zuzen-zuzenean. Urte hartan bertan zen Donostiatik iritsia eta agerian utzi zuen musikarako zuen zaletasuna. Hortik dator, hortaz, Andra Mari abesbatzaren sorrera. Abesbatza honen lehenengo kontzertua 1966ko azaroan izan zen, elizaren inaugurazio egunean hain zuzen ere. Gaur egun, Andra Mari abesbatza nazioartean ere ezaguna da eta egoitza Oreretan du.

Ansorenak, gainera, Musikaste musika astea sortu zuen, eta horrekin batera Eresbil, Musikaren Euskal Artxiboa ere, sortu zuen.

Urteotan oso ospetsu bilakatu da Ansorena batetik, berak sortu duelako Eresbil, Euskal Herriko musika artxiborik handiena, herrian eta munduan oso ezaguna egin dena; eta bestetik, hau guztia ilusioaren ondorioa izan delako.

Gazteen garrantzia

Pasatako azken berrogei urte hauetan, aurretik aipatu den moduan, Fatimako Andre Mariaren parrokian era guztietako ekimen eta jarduerak antolatu dituzte. Otoitzerako taldeak, katekesi taldeak, mezak, bataioak, jaunartzeak, ezkontzak... milaka herritar igaro dira bertatik. Gazteen parte hartzeari garrantzi handia eman diote kaputxinoek eta horren froga garbia ikus daiteke urte askoan ekinean aritu den Gaztedi taldean. Oso ezagunak dira 60etako hamarkadan sortu zen talde honek urtero antolatzen duen Burgosko Quintanar de la Sierrako kanpaldia eta inauterietarako prestatzen dituzten dantza emanaldiak.

Felipe Mujika kaputxinoak bultzatu zituen ekimen horiek guztiak 70 eta 80etako hamarkadetan. 1993an, Etxalarren jaiotako Kepa Goienetxe kaputxinoak hartu zuen Mujikaren lekukoa. Hondarribiko Amute auzoko elizan eman zituen lehen urratsak eta orain dela hamahiru urte iritsi zen Errenteriara.

Errenteriatik joan den hirugarren fraidea Xabier Etxenike errenteriarra da. 41 urte besterik ez ditu, baina ez zaio falta esperientziarik, 18 urterekin joan baitzen Ekuadorrera eta 19 urte pasa baitzituen bertan misiolari. Etxenike izan da Oreretako komentuko azken arduraduna eta horregatik izan dira bere esku azken bost urteetan egoitza handiaren zaintza eta garbiketa.

Etorkizuna

Kaputxinoek aitortzen dute oso azkar pasa zaizkiela urte hauek eta ez dutela izan egin nahi lituzketen gauza guztiak egiteko adina denbora. Hemengo egoitzan oraindik ere gauza asko egiteke zegoen penaz joan dira, baina jendea falta zen eta ez zuten beste irtenbiderik aurkitu. Xabier Etxenikek dioenez, mendebaldeko gizarte honetan bokazio falta nabarmena da, eta kristautasuna ez da lehen bezala ikusten. Munduko beste leku batzuetan, Ameriketan adibidez, erlijioaren indarra handituz doa, horregatik ez da hain iluna kristautasunaren etorkizuna leku horietan. Ez dute ukatzen, ordea, hemengo egoerak tristatu egiten dituela.

Kepa Goienetxe eta Xabier Etxenike Hondarribiko Amute auzoko kaputxinoen komentuan biziko dira aurrerantzean; Jose Luis Ansorena, berriz, Donostiako Okendo kaleko komentuan.

2006ko irailaren 23an, herriko azken hiru kaputxinoak agurtzeko bazkaria egin zen eta bertan ehunka eliztar bildu ziren. Horixe izan da laurehun urteren ondoren kaputxinoek gure bailaran egin duten azken agerraldia.
Bizitzak, ordea, aurrera jarraitzen du eta Fatimako Andre Mariaren parrokiaz Donostiako Elizbarrutiak izendaturiko beste hiru apaiz arduratuko dira aurrerantzean. Parroko berria Joxin Arregi izango da. Irailean hasi zen bere lan berrian eta lan egiteko gogo handiz etorri dela esan dute joan berri diren fraideek. Besteak beste, komentuan libre dagoen espazioa proiektu berriak egiteko erabiliko omen du. Beraz, parrokiaren etorkizuna esku onetan gelditu dela dirudi. Hala eta guztiz ere, kaputxinoek utzitako hutsunea betetzea oso zail izango du.