Euskonews Gaztea

Gaiak

68ko maiatza Frantzian

Gana SALLABERRY-MOLLE, Hegoa DESTRIBATS
  Argazkia
Garaiko kartelak.

1968ko maiatzeko oldarra teorian pizkunde ekonomiko batean murgildurik zegoen, Frantzia egonkor batean burutu zena. Arazo ekonomikorik ez, baina politika mailan eraldaketak nahi ditu garai horretako gazteriak. Jendarte desorekatu bat salatzen dute, elkartasunik gabekoa izanik deshumanizazio sakona ekartzen duena. Haien iduriko, unibertsitatea jendartean ikusitako hainbat gaitzen sortzaile da.

Horregatik, ikasleek hezkuntzaren demokratizazioa eskatzen dute sistema errepresiboa alde batera utziz. Eztabaidan jarri dira produkzio bideak, ohitura sexualak, familia, hierarkizazioa... Aldarrikapen hauek plazaratzeko, gazteak mobilizatzen hasten dira unibertsitateetan asanbladak antolatuz, manifestaldiak eginez Pariseko kaleetan...

Maiatzaren 6an Pariseko fakultate guziak ixten dira, 49.000 ikasle kanpoan utziz. Auzo latinoetan barrikadak eraikitzen dira eta mugimendu azkar horri aurre egiteko estatuak 20.000 poliziaren indarra baliatzen ditu, zauritu eta atxilotu ugari sortaraziz. Ondotik, langileek elkartasuna adierazten diete oldartuei manifestaldietan parte hartuz, beraien eskaera lana berrantolatzea izanki, metodo autoritariok ezabatuz. Industria greban ezartzen da eta maiatzaren 21erako Frantzian 10 milioi grebalari daude erresuma osoa paralizatuz.

Egunak igaro ahala, langile mugimendua ahulduz joaten da eta eragin zuzenak ditu ikasleengan. Nahiz eta 68ko iraultza epe motz batean gauzatu den eragin handia izan du. Frantziar ikasleek historiaren orrialde bat idatzi dute...