Euskonews Gaztea

Iñaki Isasi Iñaki Isasi Flores
(1977/04/20, Arrespalditza, Araba)
2001ean debutatu zuen Iñakik txirrindularitzan. Talde desberdinetan ibili da: Euskalte-Euskadi, Olarra-Ercoreca. Frantziako Tourra eta Espainiko Itzulian ere aritu izan da, besteak beste.
2006ko Tourreko 5.etapan hirugarren postua lortu zuen.

Elkarrizketa

Nahikari NUÑEZ, Garazi SANCHEZ, Nerea GARCIA, M.Eukene EGIA, David HIDALGO, Mª Angeles ROJO, Iker ROJO

Iñaki Isasi. Euskalteleko txirrindularia: Batzuetan autoekin sustoak hartu ditut entrenatzerakoan, baina orain gutxiago; jendea mentalizatzen ari da

Sei urte daramatza Isasik txirrindularitzan profesional bezala. Lehiaketa askotan hartu du parte, besteak beste Euskal Itzulian, Milan - San Remo itzulian, Kataluniakoan, edota Tourrean. Talde desberdinetan ere aritu izan da, baina orain Euskaltelen dago, eta oso gustora, aitortu digunez.

Zu ikasle ona zinen? Non ikasi zenuen?

Beno, on-ona ez, baina dena gainditzen nuen, eta doi-doi egiten nuen gainditzeko, pixka bat gehiago baina... zenbat eta maila handiago batean egon, orduan eta larriago ibiltzen nintzen baina gainditu nuen.
Etxaurre ikastolan ikasi nuen eta gero BUP eta COU egin nituen Laudioko ikastolan; eta gero hemen, Zaraoben urte betez egon nintzen, alboko Zuraren tailerrean, modulu bat egiten.

Betidanik ibili al zara txirrindularitzan?

Txikia nintzenean 14 urtera arte edo, Etxaurren futbito taldeak zeuden eta han jolasten nuen; gero 14 urterekin hasi nintzen bizikletarekin lehiatzen, eta orain arte.

Zure aisialdian zer egiten duzu?

Txirrindularitzak ez du uzten gauza askorik egiten. Adibidez, mendira joatea edo holako gauzak ezin ditut egin atseden asko behar dudalako, asko entrenatu eta gero oso inportantea da atsedena. Gauza piloa egin ditzakezu, baina lasai: zinemara joan, interneten ibili, musika entzun... Pertsona normal baten moduan baina gauza lasaiak eta atsedena uzten dizkizutenak.

Argazkia  
Elkarrizketa unean.

Zure bizitzan topatu al duzu betiko bikoterik?

Hori espero dut, topatu dudan hori izatea.

Zer da zuretzat bizitza, oparia ala zigorra?

Oparia.

Badiozu beldurra 30 urtetara heltzeari?

Ez, baina batzuetan pena ematen dit. Txirrindularitza 34 urterekin utzi behar duzu. Badaude txirrindulari nagusiagoak baina normalean 32-34 urterekin amaitzen da bizitza profesionala. Pena ematen dit hain hurbil egoteak adin hori.

Zergatik hasi zinen txirrindularitzan?

Aita txirrindularia izan zen, baita profesionala ere. Etxean beti txirrindularitza egin izan da eta ikusi eta ikusi eta azkenean nire anaiarekin hasi nintzen ibiltzen, gustukoa dut.

Noizbait beldurra izan duzu entrenatzen?

Beldurra ez, baina batzuetan kotxeekin sustoak hartzen dituzu. Orain gutxiago. Auto gehiago daude baina uste dut jendea pixka bat mentalizatuta dagoela, errespetatu egin behar dela. Orain dela bi urte jarri zen legea indarrean eta txirrindulariak babesten ditu. Bestalde, hemengo errepideak nahiko lasaiak dira, Amurrio, Urduña eta Laudio artean kotxe gehiago dago baina ni Murgiaraino joaten naiz Mendarozketatik eta bide horietatik leku lasaiak daude.

  Argazkia
Isasi lanean.

Zein izan da zure postu hoberena profesionaletan? Non?

Uste dut Tourrean hirugarren geratzea izan dela eta beste lasterketa batzuetan esaterako, laugarren edo hirugarren geratu izan naiz.

Zein izan da zure erorketa gogorrena?

Ba egia esan ez dut inoiz izan erorketa gogorrik, inoiz ez dut hezurrik ez beste ezer apurtu, beti txikiak izan dira nahiz eta esprintetan egon, zorte handia izan dut.

Noizbait pentsatu duzu txirrindularitza uztea?

Lehengo urteetan holako pentsamenduak izaten dituzu. Profesionaletako aurreneko urteetan zaila egiten da, maila handia dago eta kostatzen da. Gero orain modan dagoen Puerto Operazioa eta horrelakoak agertzen direnean gogoa kentzen dizute jarraitzeko baina guzti hori alde batean uzten ikasten duzu.

Zer iritzi daukazu Puerto operazioari buruz? Eta nola amaitu den gaia?

Nahaste bat izan da. Nik uste azkenean gobernuko pertsona batzuek puntuak irabazi nahi izan dituztela dopinaren aurka joaten. Baina ez dira dopinaren aurka joan, baizik eta txirrindularitzaren aurka. Ikusten dutelako hemen txirrindularien artean ez garela ados jartzen eta gure aurka joatea erreza delako. Ikusi zen kirolari gehiago zegoela baina horiek aparte utzi zituzten jende garrantzitsua zela ikusi zutelako eta orain ez dakigu zer gertatuko den. Badirudi ezin dutela inoren aurka jo frogarik ez dutelako. Nik badakit Tourrean lista bat atera zutela eta nire gelakidea izandako txirrindularia bertan agertu zela. Bere aurpegia ikusi nuen. Ez zuen ulertzen nolatan zegoen bere izena han. Ikusi da bertan agertzen ziren jende askok ez zuela mediku horrekin harremanik, medikuak ez zituela ezagutzen eta ezta alderantziz ere. Katxondeo itzela.

Zerbait hartzen duzu errendimendua hobetzeko?

Profesionaletan ahal duzun eta legalena izan behar duzu, kontutan hartuta zeure osasuna jokoan dagoela. Argi izan behar dugu txirrindularitza profesionala ez dela osasuna, kirola osasuna da, baina profesionala azkenean ez da osasuna. Ez hartzen duzunagatik, gorputzari asko exijitzen diozulako baizik; egunero entrenatu eta jipoi handiak eman. Agian entrenamenduak egun batean gogorrak dira eta beste batean atseden modukoak edo lasaiagoak. Hori ondo eramaten da. Baina adibidez, Tour bat eta Espainiako Itzuli bat 21 egun jarraian dira, 200 kilometroekin, eta hori ez da osasuntsua azkenean gorputzari esfortzu handiegia exijitzen diozulako. Hartu behar dira gauzak, legalak diren gauzak, bitaminak-eta asko daude. Janariarekin soilik ezin duzu errendimendu hori lortu, eta asko jan beharko zenuke errekuperatzeko; eta potolo egonda ezin izango ginateke ondo ibili.
Hala ere badaude batzuk asma ez badute ere tranpa egiten dutenak asma dutela esaten; Baina batzuetan pertsona normalek hartzen dituzten botikak dopina dira, katarrorako xarabeak ere positibo ematen du eta holakoak ere gertatu dira. Gaur kontrol handia dago eta bakoitzak jakingo du zer eta noiz hartu. Oroitzen dut Tourrean duela urte batzuk liztor batek aurpegian haginka egin ziola txirrindulari bati eta begia handituta zuen arren ez zioten ezer eman dopinean positibo ez ematearren.

Poztu zinen 2006ko Tourreko zure hirugarren postuarekin?

Bai asko. Pena eman zidan garaipenetik hain hurbil egotea, pozten zara zugatik eta familiagatik baina gero berehala ahazten da, azkenean txirrindularitzan garaipenak baino ez du balio. Askotan ikusten dut hori kontratua egiterakoan, garaipenak balio du baina hirugarren postuak... Nahiz eta hain hurbil, metro batera edo, ez du balio edo gutxirako balio du.

2006ko Tourra amaitu zen orain dela zenbait hilabete eta oraindik ez dakigu nor den irabazle ofiziala. Zer deritzozu horri?

Lehen esan dudana, Puerto operazioagatik da hori eta pena bat da. Orain esaten dute agian hutsik utziko dutela garaipena, ez zait ondo iruditzen lehenak ez badu ondo jokatu. Arraroa da. Orain ikusi da laborategian gauzak gaizki egin dituztela eta...

Harreman ona daukazu Euskalteleko txirrindulariekin?

Bai. Hemen gustura egoten da eta gainera guztiok lagun onak gara. Batzuekin gutxiago hitz egiten duzu. Azkenean taldea 30 txirrindularik, masajistek eta mekanikariek osatzen dute eta hori jende asko da eta argi dago guztiekin ez zarela ondo konponduko; normalean ez dago beti harreman onik.

Erantzun laburrak

Kolore bat: Urdina
Neska izen bat : Leire
Mendia ala hondartza? Mendia
Kotxe deportiboa ala mendiko kotxea? Mendiko kotxea
Kotxea edo bizikleta? Bizikleta
Politikari bat: Ez zait gustatzen politika
Ezkerra edo eskuina? Ezkerra
Bidaia bat: Tibetera
Lurralde bat: Euskal Herria
Herri bat: Nire herria, Arespalditza
Zenbaki bat: 2
Okela edo arraina: Arraina
Amets bat: Lasterketa bat irabaztea
Amets gaizto bat: Ez zarela ailegatzen irteerara, joaten direla eta holakoak
Bizikleta marka bat: Orbea

Honako hitzek, zer esaten dizute?

Arespalditza: Nire herria, herri polita, lasaia
Euskaltel: Euskal Herriko txirrindulari talde bat
Ibarretxe: Politikari bat
Igor Gonzalez de Galdeano: Nire nagusia
Joseba: Lagun ona
Balin: Balin? artista bat, hemen inguruan daukadan artista bat